Albisteak

Lan berria

McEnroe talde getxoztarrak disko berria argitaratuko du 2019an

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Irailean Getxo Sound jaialdian arituko da McEnroe, eta dagoeneko estudioko seigarren diskoa prestatzen dabil.

McEnroe talde getxoztarrak egin du Los Amores Cobardes pelikularen soinu bandako "El Ultimo Unicornio" abesti nagusia. Aipatu filma Malagako eta Alacanteko jaialdietan aurkeztu dute duela gutxi, eta irailaren 14an estreinatuko dute zinema-aretoetan.

 

Ricardo Lezon McEnroe taldeko kantariaren esanetan, "aldentzeen eta elkartzeen" istorio bat kontatzen du pelikula horren gidoiak. Hori horrela, gai berari eusten saiatu da Lezon pelikularako egindako abesti zuzen eta sinplean.

 

Sevillako El Establo estudioetan grabatu zuten kantua, Nacho Garciarekin eta David Corderoren laguntzarekin.

 

Disko berria eta kontzertuak

Irailean Getxo Sound jaialdian arituko da McEnroe, eta dagoeneko estudioko seigarren diskoa prestatzen dabil. Aurreikusitakoaren arabera, 2019rako egongo da prest esku artean daukan proiektu berria.

 

Bestalde, irailaren 16an bakarka abiatutako abentura taularatuko du Ricardo Lezonek Madrilen. Sarrerak Ticketearen webgunean daude salgai.