Albisteak

Kontzertuen agenda

Herrietako jaiak eta musika-kontzertuak, asteburuko plater nagusiak

Besteak beste, Rafa Rueda, En Tol Sarmiento, Doctor Deseo, Su Ta Gar, Zea Mays, Maldita Nerea, Glaukoma, Ze Esatek eta Hesian arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Joseba Irazokiren eta Mikel Urakenen musika entzungo da Arantzan ostiralean.  Gainerako kontzertu esanguratsuenak Bizkaian izango dira, Zarautzen Sara Mansillak, Rafa Ruedak, Dj Tahirak, Buffalok eta The Souljazz Orchestrak eskainiko dutena salbu.

Hala, Bizkaia aldera mugituta, Kaotikok, En Tol Sarmientok eta Trikiziok Arrigorriagan emango duten kontzertuarekin egingo dugu topo. Barakaldon Su Ta Gar igoko da oholtzara eta Bilboko Santutxu auzoan horixe berori egingo dute Zazkelek eta Anita Parkerrek. Aipatzekoa da, halaber, Doctor Deseo eta Seguridad Social gonbidatuko dituztela Santurtziko festetara.

Zornotzan ere ez da jai-girorik faltako. Inunen Zubiondo plazan abestuko du. Txosnen gunean, ostera, Zea Mays bihurtuko da gaueko protagonista.

LARUNBATA

Gatiburen eta Silencen erritmora egingo dute dantza azkoitiarrek larunbatean. Doctor Deseok bigarren hitzordu bat du larunbatean, kasu honetan, Errenterian.

Donapaleun ere ez dute etxean geratzeko aitzakiarik aurkituko, herriko plazak Frikunen, En Tol Sarmientoren eta Patcha Mamaren zuzenekoak hartuko baititu.

Bizkaian egingo ditugu azken hiru geldialdiak. Hasteko, Maldita Nereak Barakaldo bisitatuko du. Bigarrenik, Glaukoma, Tremenda Jauria eta Zirkinik bez aterako dira Otxandioko plazako agertokira. Hirugarrenik, Hesian eta Batek Daki izango dira Zornotzan.

IGANDEA

Zornotzarrek maratoi luzea dute asteburuan. Ostiral eta larunbatean ase ez direnentzat, Ze Esatek! taldearen kontzertua iragarri dute festetako antolatzaileek iganderako.

ASTEARTEA

Asteburua igarota, Hesianek eta Su Ta Garrek beste emanaldi bana izango dute: Errenterian joko du batak eta Mutrikun besteak.