Albisteak

Nobedadea

Basaki taldeak disko berria argitaratu du, "III"

Gaztea

Leioako rock eta metal taldeak Gorila Bilboko estudioetan grabatutako sei kantu bildu ditu, disko digital batean. Hirukote bihurtuta, melodia eta indarra uztartzen jarraitzen dute.

  • Basaki taldea

    Basaki taldea

Basaki rock eta metaleko bizkaitar taldea bueltan da, "III" disko berria besapean dakarrela. Hirukote formatuan, sei kantu berri eta zehatz bildu dituzte taldekide eskarmentudunek, melodia eta potentzia uztartuta.

Grabazioa Bilbon egin dute, Gorila estudioan, eta diskoa Interneten jarriko dute entzungai eta edonork jaisteko moduan, taldearen webgunean. Halaber, taldeak Youtuben duen kanalean ere entzun ahalko da.

Alfonso Rodriguez bateriak, Iker Herrero gitarrista eta kantariak eta Natxo Velez baxu-jotzaileak, taldearen hastapenetatik konposizioaz arduratu den hirukoteak, proposamena trinkotu du sei kantu hauetan, arreta kantuen osotasunean jarriz. Sormen prozesuan, kantu biribilak egitea izan dute helburu bakar.

Taldea ez da gehiegikeriatan galdu, eta bateria erritmo indartsuen, harrizko baxu sendoen eta gitarra gogor eta dotoreen gainean altxatzen da beren unibertso aberatsa, kantuetan pop melodiak eta hausnarketarako ateez gainezka dauden hitzak, metalaren abiadura eta betiko rockaren zaporea batzeko.

Sei kantuko segidan, entzuleak aurkituko ditu "Menia labur bat"en indarra eta melodia gogoangarria, "Bitartean" hari laukote batek lagundutako balada ederra, "Letra larriak"eko groove kutsakorra, "Lehen distira" lau haizetara kantatzeko kantu zuzena, "Argonautak" hunkigarria eta "Galtzaileon bandera"ren abiadura amorratua.

"III" taldearen hirugarren diskoa da. Aurretik, Esperantzaren zain (Baga Biga, 2006) eta Egunero hasten da (Elkar, 2011) argitaratu ditu.