Albisteak

Zuzenekoak

Asteburuko kontzertuen agenda prest dugu Gaztean

I.U. | Gaztea

Bulego eta Liher taldeak ez ezik, Olatz Salvadorrek ere kontzertuak aurreikusi dituzte datozen egunotarako, besteak beste.

  • Bulego taldea

    Bulego taldea

Urtarrileko azken asteburuan Euskal Herrian izango ditugun hainbat kontzertu bildu ditugu albiste honetan.

Ostiralean, esaterako, Bulego taldeak zuzenekoa eskainiko du Gasteizko Kubik aretoan, 18:30ean hasita. 'Ilun Dagoen Arren Tour' birarekin aurrera jarraitzen du talde azkoitiarrak, eta Arabako hiriburuan du hitzordua asteburu honetan. Horrez gain, Reincidentes ere Gasteizen egongo da, Jimmy Jazz aretoan, 19:00etatik aurrera.

Larunbaterako agendari dagokionez, bi kontzertu aipatuko ditugu. Batetik, ETSk Gaztearen 30. urteurrena ospatzeko Araban emango duen zuzenekoa. 19:00etan hasita, Gaztea irratian edo online jarraitzeko aukera egongo da. Bestetik, Liher banda Gernikako Iparragirre aretoko oholtzara igoko da, 'Hemen herensugeak daude' birarekin jarraituz. Reincidentesek asteburuko bigarren zuzenekoa izango du larunbatean, Atarrabiako Totemen. Modus Operandik, bere aldetik, Lakuntzako kultur etxea girotuko du. Halaber, Kulto Kultibok bi saio egingo ditu Iruñeko Zentral aretoan: 17:30ean eta 20:00etan.

Azkenik, igandean, Olatz Salvadorrek Ondarroako Beikozinin eskainiko duen zuzenekoa nabarmenduko dugu. Izan ere, 19:00etan, estreinatu berri duen Aho uhal diskoa aurkeztuko du musikari donostiarrak.