Albisteak

AGENDA

Asteburuko kontzertuen agenda osatu dugu Gaztean

Bulego, Olatz Salvador, Dupla, ETS, Kalakan, Chill Mafia eta beste hainbat talde eta artista arituko dira asteburu honetan zuzenekoak ematen.

  • Bulego

    Bulego taldearen artxiboko irudia, Ahotsenean emandako kontzertu batean.

Aste Santuko oporren osteko tristurari bultzada bat emateko, asteburu honetako kontzertuen zerrenda prestatu dugu Gaztearen webgunean.

Ostiralean, apirilaren 16ean, Bastardix folk-rock talde nafarrak Zornotzako Zelaieta aretoan emango du zuzenekoa, arratsaldeko 18:00etan. Bestalde, Lekeitioko Ikusgarri aretoan Bulego taldeak joko du, 19:00etatik aurrera. Gipuzkoan, berriz, Andoaingo Bastero kulturgunean 19:00etan, Kalakan "Artizarra" diskoa aurkeztuko du, neo-trad electro-world euskal musika estiloan oinarritua dagoena.

Araban, Chill Mafia eta Ben Yart Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira 18:00etan. Horrez gain, Gazteak eta Vital Fundazioak Kulturunea kontzertu-sorta eskainiko dituzte: Olatz Salvador ostiralean, Kai Nakai larunbatean eta Dupla igandean. Hiru emanaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Gazteako webgunean.

Apirilaren 17an, larunbatean Liher taldeak, Hemen herensugeak daude diskoa aurkeztuko du, Gernika-Lumoko Iparragirre Rock elkartean. 14 abestiz osatutako transmedia proiektua da, musika, ilustrazioa, narrazioa eta ikus-entzunezko materiala batu baitutu. Gipuzkoan, Tolosako Topic museoan, Xsakara, Chill Mafia, Ben Yart eta Burutik taldeek emango dute zuzeneko emanaldia, 17:00etan hasita.

Azpeitiko Soreasu antzokian, berriz, En Tol Sarmientok bi saio eskainiko ditu, 16:30ean eta 19:00etan. Nafarroan, Lakuntzako Kultur Etxean, 18:30ean Ibil Bedi taldea izango da; eta Amurrion, Dupla eta Haizeatxo eta Ningra izango dira Burubio elkartean 19:00etan.

Asteburuari amaiera emateko, Kalakan izango da Bilboko Campos antzokian igandean, arratsaldeko 18:30ean. Gipuzkoan, Maren bilbotarra arituko da zuzenean Oñatiko Gaztelekuan, eguerdiko 12:30ean. Nafarroan, Felix Buffek Rüdiger proiektu pertsonala aurkeztuko du 18:00etan, Berako Kultur Etxean. Eta Larrabetzun, Ibil Bedik bi zuzeneko emanaldi emango ditu Hori Bai gaztetxean: 18:00etan eta 19:45ean.

03:16