Albisteak

Bideoklip mitikoa

Denboraren makina: Negu Gorriak taldearen “Radio Rahim” kanta

Nagore Valle

1990. urteraino joango gara, talde euskaldunaren lehenengo bideoklipa berreskuratzeko.

03:44

Gaurkoan “Radio Rahim” Negu Gorriak taldearen abestia berreskuratuko dugu “Denboraren makina” atalean. 1990. urteraino bidaiatu beharko dugu horretarako, taldeak bere lehenengo bideoklipa kaleratu zuen urteraino.

Negu Gorriak Fermin eta Iñigo Muguruza anaiek, eta Kaki Arkarazok sortu zuten, 1990ean, Gipuzkoan. Taldeak eragin handia izan zuen euskal rock musikan eta, orokorrean, 90eko hamarkadako rockaren esparruan.

Rock eta rap musika nahasteaz gain, kutsu politikoko abestiak egiten zituzten taldeko kideek. Orotara, estudioko sei lan, zuzeneko album bat eta euren abesti arrakastatsuenak biltzen zituen beste disko bat kaleratu zituzten.

“Radio Rahim” gipuzkoarren lehenengo singlea izan zen, eta, gerora, euren abestirik ezagunena bilakatu zen. Binilo formatuan merkaturatu zen kanta, rockaren eta rap musikaren nahasketa argia egiten zuen lanaren barnean. Abestiaren hitzak Spike Leeren Do the right thing (1989) pelikulan oinarrituta zegoen.

Gaur berreskuratu dugun bideoklipa Manolo Gilek eta Enrique Urdanozek zuzendu zuten. Horretan, rap musikaren elementuak (graffitiak, hip-hop dantzariak...) eta euskal ikonografia (eskupilota, tabernak....) nahasten dira, eta filmean bezala, Radio Rahim izeneko pertsonaia agertzen da.

Geroago, bideoklip horren irudiak erabili zituzten taldearen bigarren diskoaren azala eta kontrazala ilustratzeko.