Albisteak

Disko nobedadeak

Scissor Sistersen laugarren lana, asteko disko berrien artean

Nagore Valle

Horrez gain, Azealia Banksen eta Juanesen musika berriarekin gozatzeko aukera izango dugu.

  • Scissor Sisters. Argazkia: Taldearen Myspace

Astero bezala, astelehenetik aurrera dendetan aurkitu ahal izango dituzuen disko berrien errepasoarekin gatoz Gaztean. Oraingoan, Azelia Banks, Scissor Sisters eta Juanes ditugu nobedade horien artean.

Azealia Banks: 1991
Rap-musikari estatubatuarra bere lehenengo diskoaren aurrerapenarekin dator aste honetan. Lau abesti ditu asteartean kaleratuko den EPak: "1991", "Van Vogue", "212" eta "Liquorice". Halaber, 1991 izena ipini dio lanari abeslari gazteak, hori baita bera jaio zen urtea.

Scissor Sisters: Magic hour
Maiatzaren 28an kaleratuko du talde estatubatuarrak Magic hour, estudioko laugarren lana. "Only the horses", lanaren lehenengo singlea, Calvin Harrisen laguntzarekin ekoitzi du taldeak. Azealia Banksek, Stuart Pricek, Pharrel Williamsek eta Alex Rihdak ere diskoan parte hartu dute. "Erritmo biziko pop nahasketa goxoa" da diskoa Jake Shears taldeko kidearen ustez.

Juanes: MTV Unplugged
Kolonbiarraren kontzertu akustikoarekin gozatzeko aukera izango dugu asteartetik aurrera. Otsailean Miamiko New World Center eraikinean grabatutako zuzenekoan 16 musikarien laguntza izan zuen abeslariak bere kanta berezienak interpretatzeko. Gainera, kontzertu horretarako bereziki idatzitako hiru kanta abestu zituen Juanesek; horietako bat, Joaquin Sabinarekin.

Every mother counts bilduma
David Bowiek, Bonok, Patti Smithek, Stingek, Coldplayk eta beste hainbat artistak parte hartu dute Every mother counts helburu solidarioko bilduman. Disko horren salmentekin lortutako dirua haurdunaldian hiltzen diren emakumeen kopurua murrizten saiatzeko erabiliko da. Orotara, 19 kanta esklusibo ditu diskoak.