Albisteak

Integristen mehatxuengatik

Lady Gagak Jakartan eskaini behar zuen kontzertua, bertan behera

Ane Roteta

Abeslariak ekainaren 3an Jakartan eskaini behar zuen kontzertua bertan behera utzi du integrista taldeen mehatxuak jaso dituelako.

  • Lady Gaga Korean. Argazkia: EFE

Lady Gaga abeslari estatubatuarrak ekainaren 3an Jakartan eskaini behar zuen kontzertua bertan behera uztea erabaki du talde integrista islamiarren mehatxuak jaso dituelako, gaur erakundeak adierazi duenez.

Artista polemikoa Manila eta Bangkok herri asiarretan izan da duela gutxi, baina Indonesiako poliziaren baimenik ez zuen oraindik, izan ere, ikuskizunaren janzkera sexia eta tonu lotsagabea txikiagotzea nahi zuten hauek.

Jakartako kontzertuaren antolakuntzaren abokatuak, Minola Sebayangek, artista estatubatuarraren ordezkariek kontzertua segurtasun arrazoiengatik ezeztatzea erabaki dutela adierazi du. "Ez da soilik Lady Gagaren segurtasuna kontuan izan, baita bertaratuko diren guztiena ere", esan du abokatuak, "The Jakarta Post" egunkariaren arabera.

52.000 sarrera saldu ziren ikuskizunerako, eta antolatzaileek sarrera guztien zenbatekoa itzuliko diete abeslariaren jarraitzaileei.

Islamaren Defendatzaileen Fronteak (FPI), Indonesiako organizazio erradikalak, abeslariak bere abestietan "letra satanikoak" dituelako eta pornografia bultzatzen duelako salatu dute. Talde horrek Jakartako aireportura joango zela esan zuen, abeslariaren kontzertua galarazteko.

Taktika horrek porrot eginez gero, kontzertuan ikusleen artean sartzea pentsatzen zuen taldeak, horrela, artistak Jakartako Bung Karno estadioan eskainiko zuen kontzertua saboteatzeko.