Albisteak
Udako agenda
Kontzertuek eta musika jaialdiek Euskal Herria girotuko dute udan
Nagore Valle
Ekainetik irailera bitartean ekitaldi ugarirekin gozatzeko aukera izango dute Euskal Herriko musikazaleek.
-
2011ko BBK Live.
Uda gero eta hurbilago dago, eta laster emango diogu hasiera kontzertuen eta jaialdien garaiari. Euskal Herrian, musika izango da protagonista, eta horren berri eman nahi dizuegu Gaztean.
Kontzertu garrantzitsu batekin hasiko dugu musika ekitaldien errepaso hau. Izan ere, Bruce Springsteen Donostian arituko da ekainaren 2an. Abeslari ezagunaren mundu birako hirugarren kontzertua Anoetan izango da, gaueko bederatzietatik aurrera. Sevillan eta Bartzelonan aritu da estatubatuarra dagoeneko eta izugarrizko arrakasta izan dute bertan bere emanaldiek.
Ekainaren 14tik 19ra bitartean, Azkena Rock jaialdiaren txanda izango da. 41 emanaldi izango dira jaialdi gasteiztarraren 11. edizioan. Horien artean, Ozzy Osbourne, The Darkness, Status Quo eta The Mars Volta. Euskal musikak ere izango du lekua Mendizabalako festibalean, Lisabo, Willis Drummond eta Barakaldoko PorcoBravo taldeen eskutik. Azkenaren kartel osoa, sarreren prezioa, eta salmentako guneak jaialdiaren webgunean ikus daitezke.
Hortik gutxira, ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean, Euskal Herria Zuzenean jaialdia egingo dute. Heletako jaialdiaren 17.edizioan, We are Standard, Mobydick, Public Enemy, Sepultura, Bebe, Esne Beltza, Su Ta Gar eta The Bloody Beetroots arituko dira, besteak beste. Egun bakoitzerako sarrerez gain, hiru egunetarako bonua dago eskuragai EHZren webgunean.
Guggenheim museoaren 15. urteurrena ospatzeko, ekitaldi ikusgarria antolatu dute Bilbon uztailaren 11rako: Bob Dylanen kontzertua. Dirudienez, 5.000 lagunentzako tokia egongo da Guggenheim museoaren zabalgunean. Pistako sarrerak 45 euroan (+ banaketa gastuak) daude salgai, eta harmailetakoak 85 euroan (+ banaketa gastuak).
Uztailaren hasieran BBK Live jaialdi ezagunaren txanda iritsiko da. Kobetamendiko festibalak izen garrantzitsuak ditu kartelean aurten ere: Radiohed, The Cure,Garbage, Snow Patrol, Lori Meyers, Vetusta Morla, Zea Mays, eta beste hainbat. Guztira, 60 artista entzuteko aukera egongo da, iaz baino 20gehiago; eta kontzertuak hiru agertokitan banatuko dira.
Jarraian, uztailaren 18tik 22ra, Biarritzeko Big Festibal jaialdiarekin disfrutatzeko unea helduko da. Jaialdiaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta kartel bikaina osatu dute antolatzaileek, izen handiko nazioarteko artistaz betetakoa: Pete Doherty, M83, The Rapture, Birdy Nam Nam, Sebastien Tellier, Izia, Yuksek, Joestar, Shaka Ponk, Skip The Use... Horiez gain, Berri Txarrak talde euskalduna eta DJ ugari arituko dira Lapurdiko kostaldean. Jaialdiaren egun guztietarako bonuak FNAC sarean salgai daude.
Bukatzeko, irailaren hasieran ere zenbait zuzeneko eta jaialdi egongo dira Euskal Herrian. Hilabete hasierarako, KutxaKultur jaialdia antolatu dute. Igeldo mendian ezarriko dituzten bi agertokietatik talde interesgarri ugari pasatuko dira. Jaialdiko lehen egunean, irailaren 7an, Russian Red, TheWip, The Raveonettes eta Maximo Park. Bigarren egunean, berriz, Anari, Love of Lesbian eta The Horrors arituko dira taula gainean. Bestalde, bi egunetan, Kutxa Kultur agertokian Gipuzkoako hamar taldek joko duteeta Alaia jatetxeko reggae hall picnic terrazan Revolutionary Brothersarituko dira.