Gaztea

Bigarren eguna

Euskal kulturaren plaza prest da asteburu jendetsuari aurre egiteko

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ahotsenean, besteak beste,  Elortegi Anayak, Inun, Keu Agirretxea, Joseba B. Lenoir, Eraso, Izeberg eta Kokein arituko dira, eta Plateruenan, Zea Mays taldea.

Lehenengo eguneko kultur gaindosiaren biharamunari behar bezala aurre egiteko, gutxienez, atzoko beste horrenbeste ekitaldi hartuko ditu gaur Durangoko Azokak. Areto Nagusia solasaldi interesgarrien lekuko izango da, eta gogoeta plaza ere bihurtuko da aldiro, denetariko gaiak jorratuko baitituzte 10:30 eta 20:00ak bitartean.

Irudienan, berriz, Kameratoia lehiaketaren aurkezpenarekin abiatuko dute eguna, eta gerora helduko dira bertara euskarazko hainbat dokumentalen emanaldiak, baita "Euskarazko zinearen sorkuntza eta kontsumoa" tailerra ere.

Kabi@n bideo-jokoen eguna antolatu dute gaurko. Gainera, Szenatokian Gauen argi omenaldia egingo dute, 20:00etan. Horiek gutxi ez eta, Ahotseneako eta Plateruenako ekitaldiak batu behar zaizkio gaurko egitarauari. Solasaldien tartean, besteak beste, Arantxa Urretabizkaiaren, Amaiur Blascoren, eta Miren Gorrotxageiren lan berriak ezagutuko ditugu. Bestalde, kontzertuen gunean, Elortegi Anayak, Inun, Keu Agirretxea, Joseba B. Lenoir, Eraso, Izeberg eta Kokein igoko dira Ahotseneako oholtzara.

Esan gabe doa Plateruena Antzokiak luxuzko gonbidatua izango duela bigarren egun honetan. Hain zuzen ere, Zea Maysen Harro lanak aseko du bertan bildutako musikazaleen egarria, 23:00etatik 01:30era.

durangoko azoka abenduak 3