12:09

Gaztea

Abenduaren 2tik 6ra

Ate-joka dago Durangoko Azokaren 51. edizioa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Azken 28 urteotako Azokarik goiztiarrena izango da, abenduaren 2an irekiko baititu ateak. Guztira, 246 stand, 349 nobedade eta 200 kultur ekintza hartuko ditu.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Durangoko Azokaren 51. edizioa goiz iritsiko da aurten, eta, iazkoarekin alderatuta, ez da inolaz ere atzean geratuko. Izan ere, 349 nobedade, 246 stand eta 200 kultur ekintzatik gora izango ditu, abenduaren 2a 6a bitartean.

Hala, kulturaren plazara gerturatzen direnek mota guztietako jarduerak aurkituko dituzte, bost egun horietan zehar: kontzertuak, hitzaldiak, emanaldiak, haurrentzako ekintzak, tailerrak, ikuskizunak… Hori guztia 700 metroko eremu batean, bederatzi gunetan banatuta.

Areto Nagusia

Areto Nagusiko egitarauan, Azokako parte-hartzaileen aurkezpenak eta Gogoetaren Plazako mahai-inguruak eta solasaldiak nabarmenduko dira. Aurkezpenei dagokienez, 45 hitzordutik gora antolatu dituzte, denetariko gaiak ardatz: Lehen Mundu Gerra, linguistika, futbola…

Hirugarrenez, Gogoetaren Plazak kulturari buruzko eztabaidekin jantziko du Durango. Arratsaldero, gai bat landuko dute: emakumearen ikusgarritasuna "plazan", ondasuna, "edukiontzi kulturalak" eta telebista eredua.

Ahotsenea

Ahotsenean, 2016an argitaratu diren disko eta liburuak aurkeztuko dituzte. 70 musika taldetik gora igaroko dira bertarik. Gainera, hitzaldien gunean 50 sortzailek hartuko dute parte; gehienak idazleak izango dira, baina musikariak ere egongo dira.

Beti bezala, esperientzia handia duten taldeen eta musikari berrien emanaldiak tartekatuko dituzte bertan: Gatibu, Kokein, Revolta Permanent, Labrit, Etxe, Zazkel, Rukula, Magnetico Grupo Robot eta Errime. Eta gauza bera idazleen txokoan: Arantxa Urretabizkaia, Asier Serrano, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Miren Gorrotxategi, Patxi Larrion, Mariasun Landa...

Azken urteetan sekulako hazkundea izan du Ahotseneak. 2013an, 55 sortzaile egon ziren; aurten, 120.

Landako aldameneko parkean egongo da aurten Ahotsenea Zuzenekoak, orain arteko lekuan etxebizitzak eraikitzen ari direlako.

Saguganbara

Irudimena oinarri duen espazioa da Saguganbara, eta ikasleentzako tailerrak, ikuskizunak, ipuin-kontalariak, aurkezpenak eta sormen tailerrak egingo dituzte bertan. Halaber, irakurketa librea lantzeko aukera ere egongo da, eta aurten euskaraz argitaratutako jokoak erabili ahal izango dituzte han bildutako haurrek.

Plateruena

Kontzertu handien gune izango da berriro ere Plateruena. Landako itxitakoan, Willis Drummond, Zea Mays, Hesian, Skakeitan eta Bide Ertzean arituko dira bertan, abenduaren 2a eta 6a bitartean.

Irudienea

Ikus-entzunezkoen etxea bihurtuko da seigarren urtez Irudienea. Euskal Herria eta euskal kultura ezagutarazteko topaleku izango da, zalantzarik gabe. Horretarako, film laburrak, pelikulak, fokumentalak, haurrentzako zinema, solasaldiak eta tailerrak antolatuko dituzte.

Kameratoia lehiaketak jende andana batuko du Irudienean, abenduaren 3tik aurrera.

Szenatokia

Arte eszenikoen tokia izango da. Besteak beste, Mami Lebrun lana, antzerki maratoia eta Francoren bilobari gutuna hartuko ditu Szenatokiak.

Horrez gain, Ikasle Egunean, koreografia tailerrak prestatuko dituzte, eta Argizaiola saria banatuko dute hilaren 3an.

Aurten ere, San Agustinen kokatuko dute Szenatokia.

Kabi@

Kultura digitalaren gunean, enpresak eta web sortzaileak elkartuko dira. Egun bakoitzean gai bat jorratuko dute: robotika, bideo-jokoak, garapena eta euskara…

Azoka TB

Durangoko Azokak dirauen bitartean, tokiko euskarazko telebista-kateen jarraipena egingo dute Azoka TBk eta www.durangokoazoka.eus webguneak.

Platoa Landakon kokatuko dute, eta "Amaia DJ" eta "Azokan Gaur" magazinak zuzenean emango dituzte bertatik.

tuzte bertatik.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean

    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena