15:16

Gaztea

Durangoko Azokaren egitaraua

400 nobedade eta 200 kultur ekitalditik gora Sormenaren Lurraldean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Abenduaren 6tik 10era, 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik Landako Gunea, euskal musikaren eta literaturaren erakusleiho izango dena.

1:05
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gerediaga Elkarteak antolatuta, hirugarren urtez bost eguneko maratoiari egingo dio aurre Durangoko Azokak. Abenduaren 6tik 10era, 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik Landako Gunea, euskal musikaren eta literaturaren erakusleiho izango dena. Guztira, 240 standetan banatuko dira euskal sortzaileek aurten argitaratutako lanak. Horietako hamasei auto-ekoizpenak izango dira.

 

Argitalpenei dagokienez, 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari eta 5 bideo aurkeztuko dituzte 52. edizio honetan. Gainera, bisitariek jokoak, agendak edota egutegiak aurkituko dituzte bertantxe.

 

Era berean, Durangon 200 kultur ekitalditik gora egongo dira Azokak dirauen bitartean. Lehenengo egunean, adibidez, inaugurazio ekitaldiak hartuko da, batik bat, garrantzia. 12:00etan Areto Nagusian egingo dute aipatu ekitaldia. Hurrengo eguna ikasleei zuzenduta egongo da, nahiz eta publiko orokorrarentzat ere egongo den zabalik. Azpimarratzekoa da, halaber, abenduaren 8an Argizaiolaren errepasorako eta sormen beka aurkezteko "Omentzetik Ereitera" ekitaldia egingo dutela, 20:00etan, San Agustin Kultur Gunean. Argizaiola Sariaren ordezko ekitaldia izango da hori.

Erakusmahaietako eskaintza

Musikari dagokionez, nobedade andana ekarriko ditu Durangoko Azokak aurten ere. Estilo anitzeko proposamenak ikusiko ditugu Landakon jarriko dituzten standetan, rock musika, doinu elektronikoak edota ska soinuak lantzen dituzten musikarien lanak, adibidez.

Aurreikuspenen arabera, Berri Txarraken Infrasoinuak izango da 2017ko disko salduenetakoa, baina proiektu interesgarri gehiago aurkeztuko dituzte Azokan bertan: Anita Parkerren Anita Parker, Arkada Socialen Eromena Besarkatzen, Audienceren Isla, Bi Balaren Arazo modernoa, Bultzen Erraiak, Deloreanen Mikel Laboa, En Tol Sarmientoren AmETSetan, Eraulen Iraultza, Etsaiakeroren Lur errebeldean, Governorsen Zero, Beñat Igerabideren Geldialdi bakoitzean, Izaroren Hankapuntetan, Liberen Ilargia erori da, Odolaren Mintzoaren Etsipenaren aurka, Rafa Ruedaren Hiri kristalezkoa, Skakeitanen Glaera Beats, Su Ta Garren Su Ta Gar antzokietan, Ze Esateken Ibilita ikasten da erortzen, Zea Maysen Zea Mays 20 urte...

Egitaraua, gunez gune

Areto Nagusia

Azokako partaideen zabalkunde lanen aurkezpenek eta Gogoetaren Plazako solasaldi eta mahai-inguruek osatuko dute Areto Nagusiaren programazioa. 44 aurkezpen egongo dira bertan, besteak beste, politika eta gizarte gaiak jorratzeko.

Gogoetaren Plazak, laugarren urtez, kulturgintzaren hausnarketak eta eztabaidak Azokaren bihotzera eramango ditu hiru egunetan zehar. Egunero kazetari ezberdin batek gidatuko ditu saioak.

Ahotsenea

AHOTSENEAk 10 urte bete ditu. Hamargarren urtemuga ospatu aldera eta sortzaileen ekimena urteotan zer izan den eta zer ekarri duen azaldu aldera, argazki-erakusketa bat antolatu du urritik abendura.

Aurten ere, bi txokotan egongo da banatuta Ahotsenea: alde batetik, kontzertuen karpa egongo da, Landako aldameneko eremu berdean kokatuta, eta bestetik, literaturari eskainitako txokoa ezarriko dute Landakon bertan. Guztira, 120 proposamen hartuko ditu Ahotseneak: 70 kontzertu eta 50 aurkezpen.

Hala, kontzertuen karpak denetariko musika izango du oinarri. Egunean hamalau kontzertu egongo dira, hamar orduko musika zikloa, horrenbestez. Handik igaroko dira, besteak beste, ibilbide luzea egina duten Berri Txarrak, Ze Esatek!, En Tol Sarmiento, Rafa Rueda eta Itziarren Semeak. Era berean, hastapenetan dauden talde berriak ikusiko ditugu han. Musika estiloari dagokionez, rocka nagusituko da, nahiz eta pop doinuak ere entzungo diren, baita trikitixa ere. Bestalde, zenbait musikarik kontzertu akustikoak emango dituzte.

Saguganbara

Haurrek eta familiek euskal literaturaz eta euskal kulturaz gozatzeko gunea da Saguganbara. Euskarazko haur eta gazte sorkuntza ezagutarazteko aurkezpenak, ipuin kontaketak, dantza saioak eta  tailerrak antolatzen dituzte.

Plateruena

Plateruenan, urtero bezala, Durangoko Azokaren baitan formatu handiko kontzertuak izango ditugu egun horietan zehar. Gauero euskal talde bat taularatuko da euren disko berria aurkeztera.

Governors izango da agertokira igotzen lehena; arrasatearrek abenduaren 6an joko dute, 22:30etik aurrera. Hurrengo egunean, hots, Azokaren bigarren egunean, Arkada Social arituko da, ordu berean, eta abenduaren 8an Audienceren txanda izango da. Gernikarrek Kuban grabatutako Isla estudioko azken lana taularatuko dute. Bukatzeko, hilaren 9an, Glaukoma igoko da oholtzara, Kalima diskoko kantuak jarraitzaileen aurrean aurkezteko.

Irudienea

Euskal Herrian eta euskaraz sortutako lanez gozatzeko, ikus-entzunezko plazera eramango dute Irudieneara. Aldarte, kolore, intentsitate gradu ezberdinetan ikusi, entzun eta eztabaidatzeko aukera izango da aurten ere, Irudienean, Sormenaren lurraldean.

Szenatokia

Szenatokia arte eszenikoen gunea da, bertan antzerki, mikroantzerki eta erakustaldiak izango dira aurten.

Kabi@

Kabi@, kultura eta eduki libreen gunea da, kultura digitalaren eremuko sortzaile, enpresa, web garatzaile eta ekintzaileen topaleku. Azken urteetan bezala, aurten ere Areto Nagusiaren ondoan egongo gara kabi itxurako domo geodesiko batean.

Azoka TB

Azokak irauten duen egunetan eta ordutegian emisio jarraitua eskainiko du euskarazko tokiko telebistetan (eta streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunetik).

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean