Gaztea

Durangoko Azoka, abenduak 8

Giro onak eta euskaltzale konprometituek ez dute hutsik egingo hirugarren egunean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Musikak proposamen asko dakartza gaur ere: Ze Esatek!, Bultz, Itziarren Semeak, The Friday's Crew, Iker Lauroba eta Libe izango dira Ahotsenean, eta Audience, Plateruenan.

Euskal kulturgintzak 2017an ekarritako argitalpen berrienak ezagutzeko interesa dutenen topaleku bihurtuko da hirugarren egun honetan ere Durangoko Azoka. Ostirala bada ere, jai dute gaur askok, horregatik, Durangon egun-pasa egitea aukera bikaina izan daiteke musika edota literatura maite dutenentzat.

Jakin-mina pizten duen solasaldi horietakoa da Areto Nagusian Jon Garañok eta Katixa Agirrek 12:30etik aurrera emango dutena. Leku berean, baina bazkalostean, La verdad alternativa liburua aurkeztuko du Xabier Irujok, Gernikako bonbardaketarekin lotutako 30 gezur agerian uzteko.

Ahotseneako taula zapaltzen lehenengoa Hara! taldea izango da, eta gerora iritsiko dira Ze Esatek!, Bultz, Itziarren Semeak, The Friday's Crew, Iker Lauroba eta Liberen kontzertuak. Solasaldien tartea, besteak beste, Eider Rodriguezek, Jon Arretxek eta Iñaki Perurenak elikatuko dute. Azken honek Harria Maitasun istorioa liburua aurkeztuko du, urteen joan etorrian harriarekin izan duen hartu-emanari buruzko gogoeta eginez.

 

Handia filmaren efektuak goia jo duen aztertuko dute, bestalde, Irudienean, 11:00ak jota, eta arratsaldean Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako pelikula emango dute bertantxe. Irudienean bertan, Errementari filmaren making-offa izango da ikusgai, 15:30etik aurrera. Zuzendaria eta aktoreak ere bertan izango dira, filmaren nondik norakoen berri ematen.

Szenatokian egingo dute, dena den, eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa. Azken 25 urteotako Argizaiola saridunei gorazarre egin eta 2018tik aurrera banatuko duten Sormen Beka aurkezteko ekimena izango da aipatutakoa.

Ostiraleko menuko azken-burukoa Plateruenan dastatuko dute musikazaleek. Audience talde gernikarrak Isla diskoko kantuak taularatuko ditu 22:30etik aurrera.