Gaztea

Abenduak 9

Azken txanpan sartu bada ere, bisitari andana espero da gaur Durangoko Azokan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ahotsenean jarriko dugu bereziki arreta, ehunka lagun bilduko direlako han, Berri Txarraken 'Infrasoinuak' diskoa zuzenean entzuteko. 11:00etan izango da emanaldia.

Biharamuna dute askok. Stand atzean dagoeneko hamaika ordu sartu dituztenen artean, adibidez, nabarmena da nekea. Euskaltzale askok, aitzitik, literatura eta musika egarria dute oraindik, gaur arte Durangoko Azoka zapaltzeko aukerarik izan ez dutenek, batik bat.

Horregatik, esne-mamitan izango dira laugarren egun honetan ere bisitariak, jarduera anitzeko egitaraua baitute aukeran. Areto Nagusian, esaterako, Mixel Ducau eta Izaro elkartuko dira Gogoetaren Plazan, 12:30ean.

Haatik, Ahotsenean jarriko dugu bereziki arreta, ehunka lagun bilduko direlako hantxe, Berri Txarraken Infrasoinuak diskoa zuzenean entzuteko. 11:00etan izango da emanaldia, eta Ahotsenean egun-pasa egiteko gogoa izango dute zenbaitzuk talde nafarraren ostean datozen zuzenekoen berri jasotzean. Izan ere, Bi Bala, Anita Parker, Deiedra, Patxuko Nice, Zazkel eta Balerdi Balerdi dira, besteak beste, zuzenekoen oholtzan jaun eta jabe arituko direnak. Bestalde, ikus-entzuleentzat interesekoak izango dira, baita, Uxue Alberdiren, Keu Agirretxearen eta Julen Ribasen eta Eider Rodriguezen solasaldiak.

 

Ahotsenea utzi eta Irudienera salto eginda, Joseba Sarrionaindia. Hemen eta han dokumentalaz gozatuko dute arratsaldeko bisitariek.

 

Kultur gaindosia, beraz, laugarren egun honetan ere, gehien bat, gauera arte Durangon geratzeko asmoa dutenentzat. Horiek Plateruenan bukatuko dute eguna, Glaukomaren zuzeneko indartsuaren lekuko.