Gaztea

Abenduak 10, egitaraua

Durangoko Azokaren azken-burukoa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ahotsenean, Atzekabe, The Icer Company, Xabi San Sebastian, La Basu, Hiri Galduak eta Odolaren Mintzoa taldeek 11:00etatik 20:00ak arteko tartea beteko dute.

Bost eguneko lanaldi luzearen ondoren, atsedena hartzeko beta heldu zaie euskal artistei, baina, aurretik, Durangoko Azokaren azken egunean, jarraitzaileen "zerbitzura" egongo dira hainbat musikari eta idazle, oraindik ere. Kontuan izanda badela gaur arte Azokara joateko aukerarik izan ez duen jendea, Landakon bertan eskuratutako argitalpenak sinatu beharko dituzte gaur ere erakusmahaien atzealdean daudenek. Trukean, liburu eta diskoak erosiko dizkiete handik ikusmiran dabiltzanek.

Kultura eta interesa elkartrukatuko dira, hortaz, Landako gunean eta baita handik kanpo ere; Ahotsenean, esaterako. Atzekabe, The Icer Company, Xabi San Sebastian, La Basu, Hiri Galduak eta Odolaren Mintzoa taldeek 11:00etatik 20:00ak arteko tartea beteko dute zuzenekoen agertokian. Solasaldien txokoko txandak, berriz, besteak beste, Asier Serranok, Aingeru Epaltzak eta Ander Garciak beteko dituzte.

 

 

Pilotazaleentzako lekua ere egongo da Azokan. Irudienean, Pelota II dokumentala emango dute, 17:30etik aurrera, eta Kabi@n "Sarean" zuzeneko irratsaioa gidatuko du Leire Palaciosek, "Emakumeak teknologian" gaia ardatz hartuta.

Amaitzeko, Plateruenak emanaldi bikoitza hartuko du azken egun honetan. Eguerdi partean, 13:00a jota, Miarritzeko Zeze musikariak harrapatuko du oholtza. Iluntzean, 20:00etan, Jabier Muguruzak Leiho bat zabalik diskoa aurkeztuko du, 52. edizioko azken aurkezpena izango dena, seguru asko.