Gaztea

Deialdia

'Retail Training' beka programan izena emateko epea ireki dute

Itziar Urdapilleta | Eitb.eus

Prestakuntza-ikastaroa osatu ondoren, bekadunek ordaindutako praktikak egingo dituzte, bederatzi hilabetez.

  • Retail Training beka-programa martxan da

    Retail Training beka-programa martxan da

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak "Retail Training" beka programaren deialdia ireki du, merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko xedez. Orotara, 29 beka eskainiko dira: 27 Estatuan eta 2 nazioartean (Parisen eta Milanen, zehatzago esanda). Beka bakoitzak prestakuntza ikastaroa eta praktikak hartuko ditu barne.

Prestakuntza ikastaroa 180 ordukoa izango da, eta merkataritza-banaketa alorreko adituak arituko dira irakasle. Honako gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: merkataritza-banaketaren sektorea, merkataritza hiri-ingurunean, merkataritza-enpresaren kudeaketa, joera berriak eta "retail" sektorea Europan. Ikastaroa urrian hasiko da.

Praktikek 9 hilabeteko iraupena izango dute, 2020ko urtarrilean hasita, eta bekadunek prestakuntza plan bat garatu beharko dute. Merkataritza-enpresetan edo merkataritza-banaketarekin lotutakoetan, EAEko merkataritza-ganberetan, merkatari elkarteetan zein merkataritza-bulego teknikoetan egingo dira. Nazioarteko bi beken kasuan, Espainiako Merkataritza Ganberak Milanen eta Parisen dituen egoitzetan egingo dira, hurrenez hurren.

Bekadunei unibertsitate-titulazio ofiziala izatea edo beste titulu hauetako bat izatea eskatuko diete: Marketin eta Publizitateko goi-mailako teknikaria, Salmentak eta Merkataritza Espazioak Kudeatzeko goi-mailako teknikaria, Nazioarteko Merkataritza goi-mailako teknikaria edo Garraioa eta Logistika goi-mailako teknikaria. 32 urtera arteko gazteei zuzenduta daude.

Bekak eskatzeko epea uztailaren 12ra bitartean egongo da irekita. Oinarriak eta informazio guztia, hemen.