Gaztea

Proiektu berria

'Pikuak' webseriea, ikusgai eitb.eus-en, igande gauerditik aurrera

Gaztea

Maddi Castrok zuzendutako proiektu honek Donostian bizi diren hiru neska gazteren eguneroko gorabeherak kontatzen ditu, hiru ataletan.

  • 'Pikuak' webseriea

    'Pikuak' webseriea

"Pikuak" webseriea igande gauerditik aurrera egongo da ikusgai eitb.eus-en. Gaztearen webgunean ez ezik, eitb.eus-eko serie digitalen atarian ikusi ahal izango dugu.

Leire, Lore eta Ainara elkarrekin bizi dira Donostian, eta euren eguneroko gorabeherak kontatzen dituzte Maddi Castrok zuzendutako proiektu honetan. 8-10 minutuko hiru ataletan banatuta, hiru protagonisten lan, ikasketa eta harreman kontuak ditu ardatz webserieak, umorez kontatuta. Halaber, familiak eta mugimendu feministak zeresan handia dute tramaren nondik norakoan. 

Protagonistak

Lore (Ainhoa Artetxe): 24 urteko lesbiana bilbotarra da Lore, genero ikasketetan dotoregaia, eta kolektibo feministan hartzen du parte. Jolastea atsegin du; play kontsolarekin, karta-jokoan edo beste edozertan. Amorraraztea gustatzen zaio, asko. Historiako beste garai batean jaio izan balitz, Viv Albertine izatea gustatuko litzaioke, baina lesbiana, noski. "Tagline"a: "A zer-nolako pereza ematen duzuen heteroek!".

Ainara (Miren Nogales): Gipuzkoako herriren bateko 'pija' bat da, marketin zalea. 27 urte ditu, eta Lanbide Heziketako irakaslea da. Ikustea eta besteek ikus dezaten atsegin du, hedonista da, eta bermut zalea. Ez dizkio buruari buelta asko ematen, Tinderren ez dago hori modan. "Tagline"a: "Izan ere, nik ez dut inoiz pornorik ikusi".

Leire (Amaia Ruiz de Galarreta): ZEN neska da, "contact" dantza, jengibrea eta kefirra atsegin ditu; adina egoera mentala da, azukrerik ez. Ekonomia beti zirkularra da. Guztia da zirkularra, bibrazio onak ere bai. "Tagline"a: "Algarrobazko bizkotxoa egingo dizuet". 

Jaialdiak

Durangoko Azokan eman zen lehen aldiz, Tabakalera-2deo jaialdiak aurkeztu zen, eta Carballo Interplay (Galizia) eta Apulia Web Fest (Italia) jaialdietarako hautatu dute aurten.