Gaztea

Bilbao BBK LIve

BBK Live jaialdiak sei kontzertuko “online” edizio berezia eskainiko du

Agentziak | Erredakzioa

Emankizun horrekin batera, uztailaren 9an salgai jarriko dira 2021erako Bilbao BBk Live jaialdirako sarrerak.

  • Bilbao BBK Live 2019. Irudia: Tom Hagen

    Bilbao BBK Live 2019. Irudia: Tom Hagen

Koronabirusaren krisiaren ondorioz aurtengo Bilbao BBK Live jaialdia bertan behera geratu bada ere, antolatzaileek sei kontzertuko edizio berezi bat eskainiko dute uztailean online. Horrez gain, aurreko urteetako jaialdietan jasotako emanaldi ikusgarrienen aukeraketa bat ere eskainiko du.

2020ko jaialdiko kartelean parte hartu behar zuten sei talde Bilboko Kobeta mendira igoko dira kontzertu bereziak eskaintzeko. Emanaldiek publikorik izango ez badute ere, streaming bidez jarraitzeko aukera izango da. Jaialdiaren sustatzaileak adierazi duenez, aurreko edizioetan 120.000 jarraitzaile ere batu dituzte bertan.

Ekimen berri horri BBK Live UDA izena jarri diote, eta zuzeneko jaialdia ospatu beharko litzatekeen egun berdinetan izango da: uztailaren 9an, 10ean eta 11n. Antolatzaileek datorren egunetan emango dute jakitera zein musika-talde arituko diren izenak.

Talde guztiek une honetarako bereziki diseinatutako emanaldiak eskainiko dituzte, hiru gauez, eta guztira 12 ordu inguruko musika eskaintza izango da. Zuzeneko emanaldiez gain, orain arte festibalaren hamalau urteetan inoiz argitaratu gabeko emanaldi historikoak ere eskainiko ditu.

Emisioa uztailaren 9an (osteguna), 10ean (ostirala) eta 11n (larunbata) izango da, 21:00etan hasita. Kontzertuak bilbaobbklive.com web orrialdean eta jaialdiaren YouTube kanalaren bitartez jarraitzeko aukera izango da.

Emankizun horrekin batera, uztailaren 9an bertan jarriko dira 2021eko Bilbao BBK Live ediziorako sarrerak salgai. Datorren urteko ediziorako, hauek baieztatu dituzte jada: The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA twigs, Fontains D.C., Meute Supergrass, El Columpio Asesino eta León Benavente.