12:19

Gaztea

Bilbao BBK Live

El Columpio Asesino, Dora eta Amorante Bilbao BBK Live jaialdiaren online edizioan

eitb.eus

John Talabot eta Katzaren DJ setek osatuko dute jaialdiaren edizio berezia. Kontzertuak Kobetamendiko agertokietan izango dira.

  • Bilbao BBK Liveko kartel fluoreszentea

    Uztailaren 9an, 10ean eta 11n jarraitu ahal izango da emanaldia, 21:00etatik aurrera.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Bilbao BBK Live UDA online edizio berezia da, eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n izango da. Jaialdia ospatu behar zen egunetan, Kobetamendin agertokiak jarriko dituzte talde eta artista hauen kontzertuak hartzeko: El Columpio Asesino, Dora, Amorante, Yawners, John Talabot eta Katza.

Osteguna 9

-Yawners / San Miguel agertokia. 90eko hamarkadako pop sonoritate irmoena da Yawners izenaren atzean ezkutatzen den Elena Nietoren soinu-erreferentzia; Elena Nieto salamancarra bera ere 90eko hamarkadan jaiotakoa da, eta bere proiektuaren lehen albumak, “Just Calm Down”, gure mugetatik kanpo ere eman du arreta, Japonian argitaratu baita.

-Dora / Firestone agertokia. Hamasei urte baino ez ditu gure artistarik gazteenak, baina gero eta ageriago dagoen diamantea da. Bost single argitaratu ditu jada Dorak, eta Spotify plataforman sei milioi erreprodukzio baino gehiago lortu ditu, baita beste horrenbeste YouTube kanalean ere; bere lehen EPa hilabete gutxi barru argitaratuko da, eta aurten gehien espero den lanetako bat da dagoeneko.

Ostirala 10

-El Columpio Asesino / Beefeater agertokia. Udaberriak eta konfinamenduak disko argitaratu berriaren eztia ezpainetan genuela utzi gintuzten. Kritikarien esanetan, “Ataque Celeste” Espainiako Estatuko urteko albumetako bat da, eta ezin uko egin zuzenean entzuteari.

-Katza / Lasai. Bilbon bizi den Katza DJk jarriko du musika. Punk giroan hasi zen, eta sumatzen zaio dantzarako bere sorkuntzetan; izan ere, soinuen berehalakotasuna, urgentzia eta purutasuna adierazten saiatzen da, nahiz eta askotariko estiloak erabiltzen dituen bere errepertorioan.

Larunbata 11

-Amorante / BBK Fundazioa agertokia. Rodrigo Amarante brasildarrari eta Enrique Morente granadarrari zien maitasunetik datorkio Amorante izena Iban Urizar elgoibartarraren proiektuari. Etnomusikologo eta multinstrumentista izaki, folk tradiziotik abiatzen da berak “herri musika” esaten dion hori egiteko, euskaraz interpretatuta eta tradizio anglosaxoia alde batera utzita.

-John Talabot / Basoa. Musika elektronikoaren nazioarteko erreferentzia garrantzitsuenetako bat da. Basoa guneko DJ egoiliarrak aurten ere emango dio amaiera jaialdiari, orain arte askotan egin izan duen moduan. John Talaboten soinu-uholde eskuzabal, baltsamiko eta sendagarriaz gozatuko dugu berriz.

Hiru egunetan, 21:00etan hasi eta gauerdira bitartean, sei kontzertu esklusibo horiez gainera, jaialdiaren hamalau edizioetan izan diren baina orain arte sekula argitaratu ez diren emanaldi historikoak ere eskainiko ditugu. Musikaz betetako ordu horietan guztietan, gaurkotasunaren kronista garratzenak izango ditugu gidari: Pantomima Full; hiru gauetan barrena, benetako jaialdizalearen barrez lehertzeko moduko erretratua marraztuko digute, Bilbao BBK Live jaialdirako berariaz sortutako edukiekin.

Uztailaren 9an, 10ean eta 11n, hau da, ostegun, ostiral eta larunbatean, 21:00etatik aurrera izango dira emanaldiak, www.bilbaobbklive.com webgunean eta jaialdiaren YouTubeko kanalean.

Emanaldi horrekin batera, Bilbao BBK Live jaialdiaren 2021eko ediziorako sarrerak salgai jarriko dira. Talde eta artista hauek baieztatu dituzte jada: The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA Twigs, Fontaines D.C., Meute, Supergrass, El Columpio Asesino eta León Benavente. Eta gehiago iragarriko dituzte laster.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean