Gaztea

Ekimen berezia #gazteacover

Gazteak Cover Lehiaketa jarri du martxan

EITB Media

Aurtengo epaimahaia hiru kidek osatuko dute: Chica Sobresalto taldeko eta "OT 2020" saioko Maialenek, ETSko Iñigo Etxezarretak eta Leire Letu abeslariak eta "Gu" saioko kolaboratzaileak.

  • Gaztea Cover

    Gaztea Cover

Gazteak Cover Lehiaketa antolatu du. Nork bere logelatik edo etxeko edozein txokotatik nahi duen taldearen ala bakarlariaren kantua bideoz bidaltzea da oinarria, eta edozein instrumentu hartu eta bakoitzak bere talentua erakusteko bideoa egitea eskatzen da. Aurtengo epaimahaia hiru kidek osatuko dute: Maialen Gurbindok (Chica Sobresalto taldeko eta "OT 2020" saioko kidea), Iñigo Etxezarretak (ETS) eta Leire Letu abeslariak, cover egileak eta "Gu" saioko kolaboratzaileak.

Aurkeztu ahal izateko, beharrezkoa da lana originala izatea eta lehiaketa honetarako propio sortua izatea. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru cover bidali ahal izango ditu. Musikari profesionalen lanak edota dagoeneko disko bat baino gehiago kaleratu dutenak (coverrekin edo kantu originalekin) lehiatik kanpo geldituko dira.

Beraz, parte-hartzaileek bertsio bat kantatu beharko dute. Musika tresna batekin edo gehiagorekin lagunduta, edota, nahi izanez gero, playback batekin. Hala ere, abestea ezinbestekoa da lehiaketan onartua izateko. Gutxienez minutu bateko bideoa izan beharko da, eta Tik Tok, Instagram, Twitter edota Youtube-ra igo beharko dute, formatu horizontalean.

Epe barruan eta adierazitako eran lana bidaltzen duen 16 urte baino gehiagoko edozein euskal herritarrek hartu dezake parte. Bakarka edo etxekoekin graba daiteke, covid arauak errespetatuta, edota modu birtualean (Zoom, Skype...). Edozein hizkuntzatan kantatu daiteke, baita itzulpenak egin ere.

Izen-ematea aukeratutako sarean #gazteacover traola erabilita edota webguneko parte-hartze orria betez egin ahal izango da. Interesa dutenek otsailaren 17tik martxoaren 7ra dute bideoa sarera igo eta Gazteako webgunean izena emateko. Ondoren, epaimahaiak aukeratutako cover onenak Gazteako webgunean egongo dira ikusgai, eta bozkatzeko aukera izango da.

Boto gehien jasotzen duten lehiakideak finalera pasako dira. Final handia martxoaren 25ean izango da, eta finalistek euren etxetik bertatik parte hartu ahal izango dute. Zuzenean eta streaming bidez izango da finala. Epaimahaikideak eta Gazteako kideak izango dira bertan.

Saria

Epaimahaiaren saria emango zaio irabazleari, eta boto gehien jaso dituen lehiakideak bigarren sari bat jasoko du. Epaimahaiaren irabazleak 2.000 euroko txekea jasoko du, musika-material profesionala saltzen duen txirula.com dendan erabiltzeko. Eta toki berean 1.000 euro gastatu ahal izango ditu boto gehien lortu dituen lehiakideak.

Informazio gehiago eta oinarri guztiak zehatz-mehatz Gazteako Cover Lehiaketako webgunean kontsultatu daitezke.