10:29

Gaztea

Zuzenekoak

Olatz Salvador, Kai Nakai eta Dupla streaming bidez, asteburu honetan, 'Kulturunea'n

EITB Media

Olatz Salvador ostiralean arituko da; Kai Nakai larunbatean eta Dupla, berriz, igandean. Denak izango dira 19:30ean, zuzenean, Gaztea eta Vital Fundazioaren webguneetan.

  • Kai Nakai, 'Kulturunea' 2021 ekimenaren aurkezpenean.

    Kai Nakai, 'Kulturunea' 2021 ekimenaren aurkezpenean. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Asteburu honetan egingo da "Kulturunea" programaren bigarren edizioa, eta Olatz Salvador, Dupla eta Kai Nakai arituko dira apirilaren 16, 17 eta 18an izango diren kontzertuetan. Streaming bidez, Gaztearen atarian eta  Vital Fundazioaren webgunean izango dira ikusgai, Vital Fundazioaren eta Gaztearen arteko lankidetzari esker. Zehazki, Olatz Salvador ostiralean arituko da; Kai Nakai larunbatean, eta Dupla, berriz, igandean. Denak izango dira 19:30ean, zuzenean. Emanaldiak Ainhoa Vitoria Gazteako kazetariak aurkeztuko ditu eta aurrerago ETB1en ere eskainiko dira.

Aurten, bi nobedade ditu "Kulturunea" ekimenak: adin-tarte gazteago bati zuzendutako emanaldiak dira, eta publiko aforo mugatua izango ere da aretoan kontzertuak ikusteko. Saio bakoitzaren sarrera 5 eurokoa izango da eta Vital Fundazioaren webgunean erosi ahal izango dira. Gazteak zozketa jarri du martxan, emanaldi bakoitzeko bi sarrera bikoitz banatzeko.

Pandemiari aurre egiteko iaz sortutako ekimenaren emaitza ona nabarmendu dute Vital Fundazioak eta Gazteak, eta aurten bigarren edizio bat egitea erabaki dute, musika asteburu betea prestatuz. Artearen mundua sustatzeko eta dinamizatzeko eta publikoa berriz erakartzeko sortu zen saioa.

Olatz Salvador (apirilaren 16an, 19:30ean)

Zintzilik (2018, Airaka) bere lehen lanak izandako oihartzunari eutsita, Olatz Salvador badator berriz ere. Aho uhal (2020, Airaka) izeneko lan batekin eta berrikuntza askorekin dator, gainera. Izen honekin lotutako jolasek tiraka abiatu du Olatz Salvadorrek bere bakarkako bigarren estudioko lanaren iruditeria. Haritz Harreguy estudioan grabatu eta ekoizpenean Pablo Novoaren laguntza izateaz gain (Ivan Ferreiro, Bebe, Julieta Venegas…), Alaia Martin edota Ane Labakaren gisako sortzaileen hitzak musikatuz osatutako abestiak ere baditu, luxuzko kolaborazioz onduak.

Kai Nakai (apirilaren 17an, 19:30ean)

Iratxe Aguilerak Durangoko Azokan Sormen Beka irabazi zuen, Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak emandakoa. Martxoan, bere burua Kai Nakai bezala ezagutarazi zuen gasteiztar gazteak, eta lehen bideoklipa zen "Kolpe"rekin harritu gintuen denok. Aurten Tamara Moreno (Aravecia) diseinatzailearekin lan egin du, eta "Kolpe", "Emoiztazu bihotz" eta "Ez dakit" aurkeztu ditu, Julen de la Serna zuzendari eta errealizadoreak zuzendutako hiru bideoklip.  Jon Maiarekin batera, bere letretan eta musikan islatutako mundu kontzeptualean lan egiteko aukera izan du. Baimenik gabe da Kai Nakaik bere lehen diskoari eman dion izena, eta euskarazko reggaetoia bezalako erritmo berritzaileak dakarzkigu. Bertan, Kai ezagutzera ematen da, bat baino gehiago identifikatuta sentituko den esperientzia bat eskainiz: genero-rolei aurre egitea, ahalduntzea, mota guztietako harremanak bizitzea, baita handinahia izatea eta arrakasta lortzea ere.

Dupla (apirilaren 18an, 19:30ean)

Dupla (Gari Uriarte eta Beñat Oribe) nekazal ingurunean musika urbanoa egiten duen taldea da. Ukitu elektronikoa zein hip-hop-a nahasten dituen pop musika da beraien marka. Aguraingo bikoteak hilean behin ateratzen zituen ikus-entzunezko atalekin lehenengo EP-a osatu zuten 2018ko neguan. Zuzenekoetan, ahotsa zein bateria, elektronikaren indarrarekin nahastu eta antzerkiaren antza duen ikuskizuna sortzen dute. Beraien proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmotan, Durangoko Azokan bere lehenengo lan kontzeptuala aurkeztu zuten, Folklore izenpean. Bertan, filosofia berritzailearekin bat eginez, haien musika aurkezteko disko zein USB formatuak baztertu eta goxoki musikatuak diseinatu dituzte: Duplatxusak.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean