Gaztea

Maketa Lehiaketa

Berlinen grabatu eta ia ez zen Maketa Lehiaketara iritsi: “EH Sukarra” kantari buruzko hainbat bitxikeria

Gaztea

EH Sukarraren abestia izan zen Gaztearen I. Maketa Lehiaketaren irabazlea.

  • EH Sukarra

    EH Sukarra. EITB Mediaren artxiboko irudia

"EH Sukarra"ren introa euskal musikaren historiako luzeenetarikoa izan daiteke, eta "gu ta gure ingurukoak" esaldiaren atzetik datorren esaldia, lagunartean oihukatuenetariko bat.

Mikel Gorosabel 'Norton'ek "Dida Fresh" saioko elkarrizketa batean azaldu zuenez, 16 urterekin konposatu zuen gerora arrakasta bilakatutako pieza, EH Sukarra taldea osatu baino hainbat urte lehenago. Denbora igarota, taldea sortu eta Berlinen grabatu zuten lehen maketa, eta jaioberritako Euskadi Gaztea irratiko lehen Maketa Lehiaketara aurkeztu.

'Norton'en esanetan, azkeneko egunean bidali zuten "EH Sukarra" maketa, "inongo pretentsiorik gabe". Behin aurkeztuta, erabat ahaztu eta kalean izan zuten garaipenaren berri, lagun baten ahotik.

Urteekin ohartuko ziren taldekideak abesti horrek utzitako arrastoaz; izan ere, bidea erabat zabaldu zien Maketa Lehiaketa irabazteak. Nortonek berak azaldu bezala: "Musikarekin jarraitu izan dut 30 urte hauetan, baina ez dut asmatu "EH Sukarra" bezalako hitik sortzen".

30 urte hauetan, baina, Gaztearen lehiaketak aurrera egitea lortu du, talde hasi berriak hauspotuz. Aurten, lehiaketaren urtemuga berezia tarteko, Nøgenen taldeak "EH Sukarra"ren bertsio berezia prestatu du, eta Gazteako hainbat aurpegi ezagunekin grabatu.

Irailaren 6an ireki da 2021eko Maketa Lehiaketan izena emateko epea, eta final handia azaroaren 25ean izango da, Bilbon.