12:30

Gaztea

Epaiketa

Britney Spearsen aitak uko egin dio alabaren tutoretza legalari

Gaztea

Uztailean, alabaren tutoretza beste pertsona baten esku uztea proposatu zuen Jamie Spearsen defentsak. Tutoretza erabat ukatu dutela jakinda, Britneyren abokatuak "garaipen masibo" gisa hartu du erabakia.

  • Britney Spears

    Britney Spears. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Jaime Spearsek, Britney Spearsen aitak, alabaren tutoretzari uko egiteko eskaera egin du. Iragan uztailean, tutoretza beste pertsona baten esku uzteko agiria aurkeztu zuen arren, zaintzari guztiz uko egitea onartu duela jakinarazi du Jamieren defentsak.

2008an eman zioten alabaren tutoretza Jamie Spearsi, abeslariaren arazo psikologikoak tarteko. Aurten, baina, 13 urte hauetan "bahituta" egon dela salatu du Britneyk.

Spearsen aitaren abokatuek Los Angeleseko Korte Nagusiko epaitegian aurkeztutako dokumentuaren arabera, aitak erabaki du "balitekeela alabaren zaintzarekin aurrera egiteko arrazoirik" ez izatea.

Azken hilabeteetako ika-miken ostean, poparen izarraren defentsak "garaipen masibo" gisa definitu du berria.

Britney Spearsen salaketa

Britney Spearsek aitaren tutoretza legala bertan behera uzteko eskatu zuen, iragan ekainean, Los Angelesko (Kalifornia) epaitegi batean.

13 urte daramatza artistak Jamie Spears aitaren tutoretzapean, eta haren kontrola "gehiegizkoa" eta "zentzugabea" dela salatu zuen. Gainetik, bere egoeraz probetxua atera dutenek kartzelan egon beharko luketela esan zuen.

Alde batetik, Spearsek salatu zuen aitak etekin ekonomikoa atera duela epaileak emandako boteretik. Hala, gogorarazi zuen aitaren tutoretzapean —epaileak erabaki propioak hartzeko gai ez zela erabakita— behartu egin zutela Las Vegasen (Nevada) ikuskizun bat egitera.

Bestetik, komunikabideekin zuen hartu-emana eta bere finantzen kontrola ukatzeaz gain, harreman sozialak eta afektiboak guztiz mugatu dizkiotela esan du musikariak. Adibide zehatza erabili zituen gehiegizko kontrola epaileari azaltzeko: aspalditik jarrita duen UBGa (umetoki barneko gailua) kendu nahi du eta familiak ez dio uzten.

Azkenik, Britney Spearsek iragarri zuen familiari salaketa jarri nahi diola, bere bizitzaren kontrola berreskuratzeko eta gertatutakoaren egia kontatzeko.

Jamie Spearsen abokatuek ez dute adierazpenik egin, abeslariaren "pribatutasuna bermatu" nahi dutelako, eta haren osasunaren xehetasunik eman nahi ez dutelako.

#FreeBritney mugimendua

Artistak abuztuko epaiketan deklaratzen zuen bitartean, hainbat lagun bildu ziren auzitegiaren atarian, #FreeBritney (Britney askatu) lelopean. Hitz horiek presentzia nabarmena izan dute sare sozialetan azkenaldian, eta musikariaren zaleek urteak daramatzate haren egoera salatzen.

Spearsen aldeko mugimenduak indar berezia hartu zuen Framing Britney (Britney fokupean) dokumentala emititu ostean. Bertan, komunikabideek, enpresek eta familiak Britneyri egin izan dioten jazarpena salatu du The New York Timesek.

Britney Spearsen jarraitzaileak, manifestazio batean. Argazkia: EFE

Britney Spearsen jarraitzaileak, manifestazio batean. Argazkia: EFE

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean