Gaztea

Britney auzia

Britney Spearsen aitak alabaren tutore legala izateari utzi dio

B. F. | EITB Media

13 urtez egon da musikaria aitaren tutoretzapean, eta jazarpen ekonomikoa eta psikologikoa salatu ostean lortu du aitak zaintzari uko egitea.

  • Britney Spearsen aldeko manifestai bat

    Britney Spearsen aldeko manifestai bat. Argazkia: EFE

Los Angeleseko Gorte Nagusiak (AEB) alabaren zaintza legala kendu dio Jamie Spearsi, Britney Spears musikariaren aitari. 13 urtez egon da musikaria aitaren tutoretzapean, eta jazarpen ekonomikoa eta psikologikoa salatu ostean lortu du aitak zaintzari uko egitea.

Epaia ezagutzera eman ostean, Britney Spearsen zaintza Kaliforniako estatuaren funtzionario baten esku utzi dute, behin-behinean.

Epaiketa bukatuta, Brenda Penny epaileak azaldu du "Jaime Spearsen tutoretza indargabetzea zaintzapekoaren (Britney Spearsen) interesen aldeko" erabakia izan dela.

Britney Spearsen salaketa

Britney Spearsek aitaren tutoretza legala bertan behera uzteko eskatu zuen, iragan ekainean, Los Angelesko (Kalifornia) epaitegi batean.

13 urte daramatza artistak Jamie Spears aitaren tutoretzapean, eta haren kontrola "gehiegizkoa" eta "zentzugabea" dela salatu zuen. Gainetik, bere egoeraz probetxua atera dutenek kartzelan egon beharko luketela esan zuen.

Alde batetik, Spearsek salatu zuen aitak etekin ekonomikoa atera duela epaileak emandako boteretik. Hala, gogorarazi zuen aitaren tutoretzapean —epaileak erabaki propioak hartzeko gai ez zela erabakita— behartu egin zutela Las Vegasen (Nevada) ikuskizun bat egitera.

Bestetik, komunikabideekin zuen hartu-emana eta bere finantzen kontrola ukatzeaz gain, harreman sozialak eta afektiboak guztiz mugatu dizkiotela esan du musikariak. Adibide zehatza erabili zituen gehiegizko kontrola epaileari azaltzeko: aspalditik jarrita duen UBGa (umetoki barneko gailua) kendu nahi du eta familiak ez dio uzten.

Azkenik, Britney Spearsek iragarri zuen familiari salaketa jarri nahi diola, bere bizitzaren kontrola berreskuratzeko eta gertatutakoaren egia kontatzeko.

Jamie Spearsen abokatuek ez dute adierazpenik egin, abeslariaren "pribatutasuna bermatu" nahi dutelako, eta haren osasunaren xehetasunik eman nahi ez dutelako.