Gaztea

Aretoen irekiera

Bilboko Kafe Antzokiak berriz ireki ditu ateak, 19 hilabeteren ostean

B. F. | EITB Media

DJ Bull izan da irekierari musika jarri diona,“Dantza dezagun berriro!” jaian.

7:26
Mikel Urbeltz, Bilboko Kafe Antzokiko arduraduna. Argazkia: EITB Media

19 hilabetez egon dira itxita Bilboko Kafe Antzokiko ateak. Covid-19aren kontrako neurri murriztaile gehienak bertan behera geldituta, Bizkaiko hiriburuko kulturaren plaza nagusiak ostegunean piztu zituen berriz argiak.

"Dantza dezagun berriro!" lelopean, irekiera ekitaldia egingo zuten, DJ Bullen eskutik. Tiketak aurre-salmenta iragarri eta ordu gutxira agortu ziren.

Ostegunetan 22:30etik 4:30era irekiko dute; eta, ostiraletan eta larunbatetan, 22:30etik 6:00ak arte. Kafe Antzokiko arduradunek sare sozialetan gogorarazi dutenez, musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da.

Donostian, Dabadaba aretoak ordutegia goizaldeko 6:00ak arte zabalduko duela iragarri du. Ostegunean, Brava, La Diabla eta Señora izan zituzten, "Sudando hasta las 6:00" izeneko jaian.

Gasteizko Jimmy Jazz azken hilabeteetan irekita egon den arren, murrizketen amaierak eragina izan du programazioan. Hala, zutunik ikusi ahal izango den lehen kontzertua iragarri dute: Joseba Irazoki eta Lagunak, urriaren 8an, 22:00etatik aurrera.

25 urte zabalik, eta ia bi itxita

2020an, 25 urte bete zituen Kafe Antzokiak. Mikel Urbeltzek bideo honetan aipatzen duenez, euskararen arnasgune izatetik, gaueko aisirako eta euskal kulturararen sustapenerako erreferente bilakatu da aretoa.

Kafe Antzokiko kudeatzailearen hitzetan, aretoak nazioarteko zein bertako taldeentzako erakusleihoa izaten jarraitu nahi du etorkizunean, covid-19aren krisiaren ondorio bortitzak pairatu dituzten arren.