Gaztea

Musika

Benidorm Fest: zer jakin behar dut larunbateko finala ikusi aurretik?

B. F. | EITB Media

Larunbat honetan aukeratuko dute nork ordezkatuko duen espainiar Estatua 2022ko Eurovision jaialdian. Aurretik, bi finalerdietan sailkatutako musikarien emanaldiek zeresan handia eman dute sareetan.

  • Benidorm Festen kartela

    Benidorm Festen kartela. Argazkia: Benidorm Fest

RTVE kateak antolatutako ekimena da Benidorm Fest. Bertatik aterako da 2022ko Eurovision jaialdian parte hartuko duen espainiar artistaren izena. Turinen izango da aurtengo Eurovision, maiatzaren 14an.

2021eko udan, Benidorm Festeko antolatzaileek eta RTVEko ordezkariek lehiaketaren nondik norakoak azaldu zituen, konferentzia bidez. Musikari profesionalek eta amateurrek har zezaketen parte Benidorm Festen. Irabazleak, espainiar Estatua ordezkatuko du aurtengo Eurovisionen.

Nor sailkatu da finalerako?

Azucar Moreno, Blanca Paloma, Chanel, Gonzalo Hermida, Javiera Mena, Luna Ki, Marta Sango, Rayden, Rigoberta Bandini, Sara Deop, Tanxugueiras, Unique, Varry Brava eta Xeinn izan dira finalerdietan lehiatzeko sailkatu diren musikariak.

Urtarrilaren 26an egin zuten lehen finalerdia, TVE kateak eskainitako saio berezian, zuzenean. Bertan lehiatu ziren Varry Brava, Azucar Moreno, Blanca Paloma, Unique, Tanxugueiras eta Chanel.

Natalia Calderon abeslariak, Miryam Benedicted eta Estefania Garcia abeslariek, Marvin Dietmann arte zuzendariak eta Felix Bergsson Eurovisioneko ordezkariak osatutako epaimahaiak lau emanaldi goraipatu behar zituen, ikus-entzuleen botoei gehituko zitzaizkienak. Hala, azken erabakiaren % 50a profesionalen esku zegoen; beste erdia, ostera, publikoaren esku.

Bi aldeetako botoak gehituta, Chanel, Tanxugueiras, Blanca Paloma eta Varry Brava sailkatu ziren finalerako.

Bigarren finalerdia urtarrilaren 27an egin zuten, final handia baino 48 ordu lehenago. Rigoberta Bandini izan zen gaueko izarra, epaimahaiaren zein publikoaren aldetik boto gehien jasota. Atzetik, Xeinn, Rayden eta Gonzalo Hermida.

Final handia larunbat honetan izango da, urtarrilak 29, TVEn, 22:10etik aurrera.

Luna Ki eta Autotunearen debekua

Luna Ki bakarlaria Benidorm Festen jotzeko sailkatu zen arren, ez da iritsi lehiaketako oholtzan abestera. Izan ere, hautagaitza aurkeztu eta gutxira, lehiaketatik aldendu behar izan da Eurovisionek ez duelako Autotunea (ahotsa eraldatzeko programa informatikoa) baimentzen.

Artistak komunikatu bidez jakitera eman duenez, Autotunea "ezinbestekoa" da Luna Kiren obran eta ez du onartuko "Voy a morir" abestian eraldaketarik egitea. Horregatik, Benidorm Festetik kanpo gelditzeko erabakia hartu du.

Erabakiak eztabaida sortu du musikaren munduan. Izan ere, artisten ahotsa ez diren beste hainbat ezaugarri baloratzen dira Eurovisionen, eta askok ez dute bidezko ikusten lehiaketak egungo musikan barra-barra erabiltzen diren tresnak debekatzea.

Benidorm Fest, sareetan

Sare sozialetan, hainbat erabiltzailek euskaraz egin dute lehiaketaren kontaketa. Emanaldien erreakzioak eta epaimahai kideen balorazioen inguruko iritziak irakurri ditugu egunotan.

Gainera, Gaztearen Instagramen "Bakio Fest" jaialdi fiktizioa asmatu dugu. Balizko ekimen honen baitan, euskal Eurovision irudikatu dugu, eta Euskal Herriko zein musikari eramango luketen galdetu diegu jarraitzaileei. Horien artea izan dira ZETAk, Chill Mafia, Kai Nakai eta Ben Yart, besteak beste.