Gaztea
Filmak
B. F. | EITB Media
Beldurrezko zinemaren baitako generoa txalotuenetarika da zonbiena. Klasikoetatik abiatuta, berpiztutako hildakoen munduan murgiltzeko bost proposamenekin gatoz.
"Kingdom" telesaileko irudia
Zonbi Harrotasunaren Eguna da azaroaren 4a. Behar bezala ospatzeko, zonbiak protagonista dituzten hiru film eta bi telesail bildu ditugu Gaztean, genero honen munduan hasi berriak diren ikus-entzuleentzat.
Filmak
'Resident Evil' saga
Umbrella Companyk sortutako T Birusa, pertsonak zonbi bihurtzen dituena, laborategian zehar hedatu da. Ikerketa zentroko segurtasun arduradunak laborategira heltzean, biziraun duen pertsona bakarra aurkitzen dute: Alice Abernathy (Milla Jovovich).
Sagak dituen sei filmetan, Alice zonbien aurka borrokatuko da, T Birusak emandako botere bereziez baliatuta. Izen bereko bideo-jokoan oinarritutako film sortak sekulako arrakasta izan du mundu mailan. 2021ean, Netflix plataformak filmotan oinarritutako telesaila estreinatu zuen.
Milla Jovovich. 'Resident Evil' filmeko irudia
Train to Busan
Zinemagile hegokorearrak zonbi generoaren erregeak dira. Beldurrezko tramak kontatzeko duten moduak nazioarteko publikoa konkistatu du azken 20 urteetan. Bertatik inportatutakoa da "Shrimp Game" (El Juego del Calamar), Netflix plataformaren marka guztiak hautsi dituen telesaila.
Train to Busanen, Seuletik Busanera (Hego Korea) doan trenean bidaiatzen duten aita-alabak dira protagonistak. Hego Koreako biztanleria osoa birus kontrolaezin batekin kutsatzen hasten da, treneko bidaiariak barne. Zonbi bilakatutako pertsonen aurka borrokatzen dira bi pertsonaiak, ezustekoz jositako kontakizunean.
Goong Yo. 'Train to Busan' filmeko irudia
World War Z
Eleberri homonimoan oinarritutako film estatubatuarra da "World War Z". Brad Pitt da pelikula post apokaliptiko honen protagonista (baita ekoizleetako bat ere), Marc Forsterren zuzendaritzapean.
Tramaz haratago, filmaren efektu bereziek aho bete hortz utziko zaituztete. 2013an, zineman tiket gehien saldu zituen zinta izan zen.
Brad Pitt eta Mireille Enos. 'World War Z' filmeko irudia
Telesailak
The Walking Dead
XXI. mendeko imajinario kolektiboan letra larriz idatzitako telesaila da "The Walking Dead". Zonbi apokalipsi baten ostean, pertsona gutxi batzuek bizirautea lortu dute. Zonbien aurka borrokatu eta biziraun duten kideen bila dabiltzan bitartean, haien artean elkartu eta komunitate txikiak sortzen dituzte.
Ez da egun batetik bestera ikusteko moduko telesaila, 11 denboraldiz osatuta baitago. Netflix, Amazon Prime Video, Disney+, HBO Max eta Movistar Plus plataformetan dago ikusgai.
Bitxikeria gisa, pertsonaien bat hiltzen zen bakoitzean, telesaileko aktoreek afaltzeko biltzen zirela kontatu izan dute hainbat elkarrizketetan.
Telesaileko kartela
Kingdom
Hego Korea eta zonbiak, beste behin. Berezitasun txiki batekin: XVI. mendeko Joseon dinastiaren baitan gertatutako apokalipsian girotu dute "Kingdom". Lee Chang printzea da berpiztutako hildakoen inbasioari aurre egiten dion protagonista.
Beldurraren generoan sailka daitekeen arren, telesaila gutizia bat da akzio zaleentzat. Hamabi atal ditu, bi denboralditan banatuta, eta Netflixen dago ikusgai.
Irratia zuzenean
© EITB - 2023 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa
Edukiak zuzen ikusteko, eguneratu nabigatzailea
Gure webeko funtzio batzuekin bateragarritasun arazorik ez izateko, nabigatzailea eguneratu eta bertsiorik berriena jartzea gomendatzen dizugu.
Gutxienez bertsio hauek izatea komeni da:
- Google Chrome 37
- Firefox 40
- Internet Explorer Edge
- Safari 2
- Opera 36
Nabigatzailearen zein bertsio duzun jakiteko, whatbrowser.org erabil dezakezu.