Gaztea

MIN Sariak

MIN Sariak Iruñean: izendatuak eta galako emanaldiak

Agentziak | EITB Media

Baiucak, Maria Arnal i Marcel Bagések eta Chill Mafiak zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte Nafarroa Arenan, apirilaren 27an.

  • MIN Sarietako izendatuak

    MIN Sarietako izendatuak. Argazkia: MIN Sariak

Iruñeko Nafarroa Arenan izango da aurten MIN Sarien gala, apirilaren 27an, 20:30etik aurrera. Zahara artista izan da musika independentearen sarietan izendapen gehien jaso dituena, bederatzi orotara; atzetik, Alizzz, Baiuca, Maria Arnal i Marcel Bagés, Rigoberta Bandini eta Tanxugueiras geratu dira.

Euskal musikari dagokionez, Chill Mafia ("Ezorregatik X Berpizkundea"), Gaur ("Gaur"), IDOIA ("Ilun eta abar"), Liher ("Eta hutsa zen helmuga") eta Verde Prato ("Kondaira eder hura") talde eta artistak 2022ko Euskarazko Diskorik Onenaren MIN Sarirako izendatu dituzte.

Euskal albumik onenaren sariaz gain, Chill Mafia iruindarrek Artista Hasiberri Onenaren Saria ere eraman dezakete. Bestela, Chica Sobresalto eta Kokoscha nafarrak ere ageri dira aukeratuen artean. Izendatu guztien izenak ezagutu nahi izanez gero, egin klik hemen.

Zuzeneko musika

Garaikurrak banatzeaz gain, zuzeneko musikak leku propioa izango du Carolina Iglesias umoristak aurkeztuko duen galan. Horrela, Baiuca oholtza gainera igoko da, elektronika eta galiziar musika tradizionala uztartzen dituen diskoko pieza bat zuzenean jotzeko, baita Rosario la Tremendita eta Maria Arnal i Marcel Bagés ere.

Chill Mafia nafarrak ere orain arte konfirmatutakoen zerrendan daude. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, zuzeneko emanaldi eta "ezusteko" gehiago izango dira, eta datozen egunetan adi egoteko deia egin dute.

Galako sarrerak salgai daude dagoeneko, 8,50 euroren truke, hemen.

Kontzertuak Iruñean

MIN Sarien galaren atarian, musikak Nafarroako hiriburuko kaleak hartuko ditu. Apirilaren 16an, larunbata, Dorian taldeak "Ritual" lan berria aurkeztuko du. Zentral aretoan izango da hitzordua, 13:00etan.