Gaztea

Jasangarritasuna

Eskuekin sortu, kontsumo ohiturak iraultzeko: euskal sortzaile gazteen produktu jasangarriak

Berezi Fernandez | EITB Media

Iraide Azkarate Amunategi eta Uxue Urzelai Dorronsoro artisauen proiektu jasangarriak ezagutu ditugu, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean.

  • Iraide Azkarate, Ezkjantzan Elikadura Osasuntsuko arduraduna

    Iraide Azkarate, Ezkjantzan Elikadura Osasuntsuko arduraduna. Argazkia: @ezkjantzan

Kontsumo ohitura arduratsuei lotuta bizi diren bi artisau dira Iraide Azkarate Amunategi eta Uxue Urzelai Dorronsoro. Lehenak granola ekologikoa egiten du, beganoa eta tokiko produktuetatik abiatuta, Gernikan. Bigarrenak, ostera, oihal organikoz egindako konpresak, Domaikia herri arabarrean. Etxeko epeltasunean baina inguruarekiko kezkak arduratuta sortu, landu eta garatu dituzte euren proiektuak, pandemiak eragindako itxialdian hasi eta gaur egunera arte.

Ezkjantzan elikadura osasuntsua

Sukaldaritza aurretik gustuko zuen arren, duela bi urte hasi zen Iraide bere zaletasuna publiko egiten. Bada, 2020ko apirilean, errezeta osasuntsu eta errazak partekatzen hasi zen bere Instagram profilean, pandemia garaian elikadura osasuntsua bultzatzeko aitzakiarekin, "denbora pasa" gisa.

Prestatzen zituen produktuen artean, gerora 'udazken granola' izendatu duen jakia. "Niretzako egiten nuen granola, etxean, nik neuk jateko. Batzuetan lagunen artean banatzen zuen eta produktua kaleratzeko animatzen ninduten", azaldu du Azkaratek.

Esan eta egin. "Hiru edo lau egunetan", produktua ingurukoen artean zabaldu eta eskaera andana jasotzen hasi zen gazte kortezubiarra. Orduan, enkargu kopuruarengatik estututa, "granolaren abenturari" ekin zion, bere zartagia hartu eta fruitu lehor, hazi, zereal puztu natural eta hainbat espeziaz osatutako jakia prestatzen.

Urte biren ostean, Ezkjantzan elikadura osasungarria marka sortu eta enkarguak jasotzen jarraitzen du Iraidek, jasotako babesarengatik eskertuta. Jasangarritasuna ardatz hartuta, salmenta zuzena egiten du: Instagrametik eskaria jaso, eroslearekin gelditu eta granola pisura saldu.

Granola. Argazkia: Ezkjantzan

Granola. Argazkia: Ezkjantzan

"Proiektu honen filosofia nagusia modu jasangarri batean ekoiztu eta kontsumitzea da: ez dugu erabilera bakarreko ontzirik erabiltzen, salmenta gehienak pisura egiten dira eta eroslea ontziarekin dator niregana, ez dugu papela ez bestelako materialik erabiltzen", erantsi du Azkaratek.

Ingurugiroari "modu positiboan eragiteko" konpromisoari eutsita, tokiko negozioekin elkarlanean aritzen da elkarrizketatua. Egun, Gernikako La Catalana gozotegian, Bermeoko Bertokuek dendan eta Ibarrangeluko Gametxo Hotelean aurki daiteke Ezkjantzanen udazkeneko granola.

Urzelai oihalezko konpresak

Duela sei bat urte hasi zen Uxue Urzelaia oihalezko konpresak eskuz josten, merkatuko eskaintza urriarekin atsekabetuta. Intimitatetik mundurako saltoa, baina, itxialdian eman zuen.

Urzelai proiektuaren oinarrian, gizartea, osasuna eta ingurumenarekiko kezka daude. Bada, hilerokorako produktuen kostu ekonomikoak eragindako pobrezia menstrualaz gain, hilekoarekin lotutako produktu industrialek kalte neurtezina eragiten diote ingurumenari.

"Konpresa eta tanpoi konbentzionalek plastikoa eta usaintzaile zein zuritzaile kimikoak dituzte. Industria horrek sekulako kaltea eragiten dio ingurumenari", azaldu du Uxuek. "Produktuak egiteko lehengaiak toki prekarizatuetan lortzen dira, esplotazio maila oso altuetan bizi den jendearen kontura", erantsi du.

Urzelai konpresak. Argazkia: @uurzelai

Urzelai konpresak. Argazkia: @uurzelai

Higiene menstrualeko produktuen ekoizpenak naturan duen inpaktuaz gaindi, behin erabili eta botata, zaborraren kudeaketaren arazoa dator. Urzelaiek argitu bezala, "Produkzioan zein kontsumoan sortzen diren hondakinak naturara doaz eta ezinezkoa da zabor hori guztia kudeatzea, kalte ekologikoa izugarria da".

Aipatutako aferei aurre egin eta bidezko kontsumoa bultzatze aldera, Uxue Urzelaien konpresak oihal organikoz eginda daude. Gainera, produktua ekoizterako orduan jasangarritasuna bermatzen duen zigilua dute. Prozesu guztian pauta ekologikoak eta sozialak errespetatu direla bermatzeaz gain, "oihal horiek egin dituzten langileei soldata duin bat ordaindu zaiela" frogatzen du aipatutako egiaztagiriak.

Konpresen salmentaz aparte, oihalak garbitu eta mantentzeko gomendioak ematen ditu artisauak bere Instagram profilean, hilekoaren gaineko tabuak apurtzera garamatzaten hausnarketen artean.