Gaztea

Musika

Tatxers, Skakeitan, Olatz Salvador, ETS, Pinpilinpussies eta Tanxugueiras, asteburuko kontzertuen artean

B. F. | EITB Media

Herrietako jaietako musika programazioaz gain, Gasteizen, Azkena Rock Festival jaialdiaren hogeigarren edizioa ospatzen ari dira. Besteak beste, Social Distortion, Patti Smith eta The Afghan Whigs izango dira ikusgai Mendizabalan.

  • ETS

    ETS. Argazkia: Eibarko Udala

Musikaz lepo dator ekaineko hirugarren asteburua. Besteak beste, Tatxers, Skakeitan, Olatz Salvador, ETS, Tanxugueiras eta Pinpilinpussies taldeen zuzenekoak izango dira ikusgai.

Ostirala

Bilboko Kafe Antzokian, Mikel Urdangarin, Olatz Salvador eta Xamanak taldeak zuzenekoak eskainiko dituzte, "Ostera bizi bizian" jaialdiaren baitan. Euskaltzaleen topaguneak antolatuta, 22:00etan hasiko da kontzertua. Sarrerak salgai daude, Kafe Antzokiaren webgunean, 12 euroren truke.

Eibarreko San Joan jaietan, ETS taldeak Untzaga Plazan joko du 23:00etatik aurrera Sumendiak biraren programazioari jarraiki. Kontzertua doakoa izango da.

Gasteizeko Azkena Rock Festivalen, Social Distortion, Soziedad Alkoholika eta Delirium Tremens zuzenean ikusteko aukera izango da. Hona egun osoko programazioa. Bestela, Arabako hiriburuko Falerina Lorategian, Etxekalte eta Pinpilinpussies ikusteko aukera izango da doan 19:30etik aurrera.

Larunbata

Lazkaon, Aho Lehor Fest jaialdia izango da larunbatean, Tatxers, Pinpilinpussies eta La URSSen zuzenekoekin. 19:00etan izango da hitzordua Skate Parkean doako sarrerarekin.

Igorreko jaietan, Skakeitan eta Zeinke arituko dira, 22:30etik aurrera, txosnagunean. Gero, DJ Jotatxok itxiko du San Antonio jaietako egitaraua.

Azkena Rock Festivalen, Patti Smith, Vulk, Michael Monroe eta Suzi Quatro arituko dira oholtza gainean, beste hainbat artistaren artean.

Eibarreko Untzaga Plazan, 22:00etan, Tanxugueiras galiziar hirukotea ikusteko aukera egongo da.

Bergarako Kartzela Zaharra gaztetxeak VI. Elektronika Topaketak hartuko ditu larunbatean. Arratsaldeko 17:00etan hasi eta goizaldera arte, sei zuzeneko banda eta DJa izango dira ikusgai. Sarrerak (7 euro) gaztetxean bertan erosi behar dira, 16:30etik aurrera. Kartelean, Bihotza, Odd Signals, Sarah Rasines, Eyharts, Gailu, White Solar Dog, M4 eta L'ESPOIR UNDERGROUND.

Loturak jaialdia, Donibane Garazin

Donibane Garaziko gaztetxean, Loturak jaialdia antolatu dute astebururako, urtarrilean auto istripuan hil zen Leire Iribarne Olhagarai (Diabolo Kiwi) musikariaren omenez.

Ostiralean, Asbah taldeak gaztetxean joko du, sarrera librearekin.

Larunbatean, Lasa gelan, Julii Sharp, Urgatz, Ocre, KMA eta DJ Jean Flexen emanaldiak izango dira ikusgai, 8 euroren truke.