Gaztea

Gastronomia

Durangon egiten dute Euskal Herriko sushirik onena Gazteako entzuleen arabera

B. F. | EITB Media

Hainbat izen nabarmendu dira Sushiaren Nazioarteko Egunean sare sozialetan martxan jarri dugun galdetegian. Hona hemen japoniar gastronomiako maitaleentzako gida!

  • Sushia

    Sushia. Argazkia: @iruko_sg

Sushiaren Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko onenaren bilaketa abiatu dugu Gaztearen sare sozialetan. Ezagutzen duten sushi gozoena non egiten duten aipatzeko eskatu diegu erabiltzaileei, eta, dagoeneko, badugu gure rankinga.

Iruko

Durangoko Iruko By Sushi Gallery jatetxea (Montevideo Etorbidea, 5D) izan da gure galdetegiko bozkatuena.

Sushi Galleryko kideek 2015ean abiatu zuten proiektua Durangoko alde zaharreko denda txiki batean. Bezeroen harrera arrakastatsuaz baliatuta, negozioa handitzea erabaki zuten.

Egun, eramateko janaria saltzen dute asteartetik igandera (13:00-15:00 / 19:30-22:30) eta jatetxean jateko aukera eskaintzen dute, ostegunetik igandera (13:00-18:00 / 20:30-00:00).

Sushiaz gain, gyozak, tartarrak, nigiriak, rollak eta japoniar gastronomiako beste hainbat gutizia dasta daitezke Irukon.

Elosta Restaurant & Sushi Bar

Donostiako Elosta jatetxea (Kolon Pasealekua, 41) da gure zerrendako bigarren proposamena. Mikel Lopez sukaldariaren proiektuak japoniar eta perutar gastronomia uztartzen ditu euskal tradiziotik aldendu gabe.

Jatetxeko ohiko kartaz gain, sushi eskaintza zabala du Elostak. Hegalabur eta nigiri klasikoez gain, karamelizatutako hegalaburrez edo behi haragiz egindako sushia probatu daiteke.

Eramateko zerbitzua ere badute, asteartetik larunbatera, 13:30ean hasita eguerdietan, eta 20:30etik aurrera gauetan. Jatetxean bertan jan nahi izanez gero, asteartetik larunbatera dago zabalik, bazkaltzeko zein afaltzeko.

Musume Izakaya

Bilboko Musume Izakayak (Barrenkale Barrena, 5) eskuratu du hirugarren postua. Bertan, uramaki, maki eta rollez gain, txingarretan erretako haragi eta arrainak zerbitzatzen dituzte.