Gaztea

Musika

Huntza, Zea Mays, Skakeitan, Ibil Bedi, Metallica, Bulego eta Amaia, asteburuko kontzertuen artean

B. F. | EITB Media

San Pedro jaiak ospatuko dituzte hainbat udalerritan. Irisarrin, ostera, EHZ festibalaren edizio berri bati irekiko diote atea aste bukaera honetan.

  • Ibil Bedi eta Bulego

    Ibil Bedi eta Bulego

Musikaz lepo dator uztaileko lehen asteburua. Besteak beste, Huntza, Zea Mays, Skakeitan, Ibil Bedi, Metallica, Bulego eta Amaia artisten zuzenekoez gozatzeko aukera izango dugu.

Ostirala

Usurbilgo jaietan, Perlata eta Skabidean taldeak ikusteko aukera izango da txosnagunean 23:00etatik aurrera.

Sestaon, Huntza taldekoak arituko dira 23:00etatik aurrera.

Irisarrin, EHZ festibalaren lehen egunean, Lumi, Delirium Tremens eta Amorantek, besteak beste, eskainiko dituzte kontzertuak.

Azkenik, Lasarteko Okendo Plazan, Zea Mays ikusteko aukera izango da 00:30etik aurrera sarrera librearekin.

Larunbata

Usurbilgo jaietako musika programazioari dagokionez, Odolaren Mintzoak eta Skastik joko dute frontoian. Txosnetan, ostera, Kristonak, Rukula eta DJ Kixo arituko dira.

Azkoitiko Matadeixe espazioaren hogeita seigarren urtemugan, elektronika doinuak nagusi. Egun osoko programazioaren atzetik, Telmo Trenor eta Enki Tonker artistak izango dira gauari bukaera ezin hobea emateko arduradunak.

EHZ jaialdian, Lumi, Merina Gris, Sepultura, Ezpalak, Bulego eta Vulkek joko dute, beste artista askoren artean.

Getxoko Ereaga hondartzan, Amaia nafar artistak zuzenekoa eskainiko du Getxo Jazz zikloaren barruan. 22:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa da.

Lasarteko jaietan, Modus Operandi eta Skakeitan ikusiko ditugu 00:30etik aurrera debalde Okendo Plazan.

Igandea

Bilboko San Mames estadioan, Metallica, Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak zuzenean ikusteko aukera izango dugu, Bilbao Bizkaia Rock Day ekitaldian. Sarrerak salgai daude oraindik, 89,50 eurotik aurrera.

Irisarrin, EHZ festibala itxiko dute Joseba Tapia, Ibil Bedi, Joseba Irazoki eta Lagunak, Xutik, Niko Etxart eta beste hainbat musikarik.