11:02

Gaztea

Elkarrizketa

"Freestyletik bakarkako musikarako saltoa zaila da, baina energia asko jarri diot eta erantzuna ona izan da"

B. F. / J. I.| EITB Media

WOS artista argentinarrarekin izan da Julen Idigoras, Bilbao BBK Liven eskainitako kontzertuaren ostean. Freestylea, batailetan jorratzen diren gaiak eta Euskal Herrian bizitakoak izan dituzte hizpide.

  • WOS. Argazkia: Pedro Negri

    WOS. Argazkia: Pedro Negri

    2:39 min
imagen player
imagen player
imagen player
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Bilbao BBK Liven eskainitako zuzenekoa amaitu berritan, Julen Idigorasek WOS artista argentinarra elkarrizketatzeko aukera izan du. Freestylean egindako ibilbideaz, mundu horretan jorratzen diren gaiez eta Kobetamendiko esperientziaz aritu dira musikaria eta Gazteako esataria.

2018an entzun genuen WOSen izena estreinakoz, Argentinako El Quinto Escalón eta FMS freestyle bataila entzutetsuen testuinguruan. Bertan eman zituen lehen urratsak eta bakarkako ibilbide musikalari ekitea erabaki, Púrpura izeneko lehen singlearekin. Urtebete beranduago, "Caravana" izeneko estudioko albuma plazaratu eta, publikoaren harrera beroaz gain, Latin Grammyetarako izendapena lortu zuen.

Rap batailetatik bakarkako musika egiterako saltoa "konplikatua" izan zela aitortu dio artistak Julen Idigorasi. "Ez nuen gehiegi pentsatu. Askotan, freestylearen munduan sartuta zaudenean jendeak bertan kokatzen zaitu, etiketatzeko beharra dago askotan.

Hala ere, energia asko jarri diot nire bakarkako ibilbideari eta jendeak ondo erantzun du", azaldu du WOSek. Gainera, beti "errespetatua" sentitu izan dela adierazi du: "Nire ibilbide musikalean egindako guztiak oso harrera ona izan du eta horrek nire leku propioa sortzen joateko aukera eman dit".

Ibilbide propio horretan, oihartzun nabarmena izan dute homofobiaren eta matxismoaren kontrako aldarriek. Horien inguruan galdetuta, freestylea gizarteak bizi duen egoeraren isla argia dela erantzun du artistak. "Gizarteak agendan sartu ditu gai horiek eta horregatik hasi gara horien inguruan abesten" azaldu du WOSek. Elkarrizketatuaren esanetan, "oraindik egiteko asko dugu, baina gauzak birplanteatu eta zaharkituta dauden mezuak alde batera uzten hasi gara".


Bilbao BBK Liveko esperientziari dagokionez, "eromena" izan dela dio artistak. Bere herrialdetik oso urruti egonda ere, "jendearen maitasuna eta energia sentitzea sekulakoa" izan dela esan du artistak. Gainetik, jaialdiko "vibra"rekin asko gozatu du WOSek, baita parajearekin eta jendearen erantzuna epelarekin. "Argentinatik urruti egonda ere, artista eta banda handiekin oholtza konpartitzea ohore bat da guretzat", gaineratu du.

(Jatorrizko elkarrizketa gaztelaniaz).

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean