Gaztea

Tendentziak

Bizarrap fenomenoa, logelatik mundu mailako musika zerrenda garrantzitsuenetara

B. F. | EITB Media

Quevedo kanariar artistarekin egindako elkarlanak Billboard Hot 100 zerrendako lehen postua eskuratu du. Ekoizle argentinarrak Nathy Peluso, Villano Antillano, Residente, Cazzu, Nicky Jam eta nazioarteko beste hainbat artistarekin egindako abestiek milioika entzunaldi dituzte Spotifyn eta YouTuben.

  • Bizarrap eta Ptazeta

    Bizarrap eta Ptazeta. Argazkia: @bizarrap

"BZRP Music Sessions #52", Quevedo kanariar artistaren eta Bizarrap ekoizle argentinarraren arteko elkarlana, Billboard Hot 100 zerrendako lehen postuan dago estreinalditik hiru aste igaro diren honetan.

Aipatutakoa ez da abestiak hautsitako marka bakarra, ezta gutxiago ere. Plazaratu zuten egunean bertan Spotify Argentina plataformako errekorra lortu zuen: egun bakarrean entzunaldi gehien izan dituen abestia da BZRPen azken sesioa.

Bestela ere, Spotify Global 50 (mundu mailako 50 abestirik entzunenen zerrenda) lehen postua eskuratu duen lehen artista espainiarra izan da Quevedo, eta abestiak 125 milioi ikustalditik gora ditu YouTuben.

Zenbakien oihartzunaren gainetik, "Biza"ren eztanda mugarria izan da egungo musikaren industrian. Bada, argentinarraren obrak historikoki itzalpean egon den ekoizlearen figura lehen lerrora ekartzea ahalbidetu du.

Hala, Nicky Jam, Nicki Nicole, Nathy Peluso, Residente eta nazioartean sekulako arrakasta duten hainbat musikari bere logelatik pasatu dira, "BZRP Music Sessions" zigilupean ekoizlearen baseen gainetik abesteko gonbidapena onartuta.

Nor da Bizarrap?

Ezizen artistikoaren atzean, Gonzalo Julián Conde 23 urteko gizon argentinarra dago. Bere aurpegia publikoki erakusten ez duen arren, azken urteetan barra-barra entzun dugu bere izena, musika urbanoaren testuinguruan.

13 urterekin abiatu zuen bere bakarkako ibilbidea, argentinar raparen eszenan. Gerora, El Quinto Escaloneko freestyle batailetako unerik onenak editatzen trebatu eta artista famatuen remixak egiten hasi zen (Bad Bunny kasu).

Bere bideoek izandako oihartzuna tarteko, traparen eta reggaetoiaren alorreko hainbat musikari Bizarrapen lanaz baliatzen hasi ziren. Lehen kolaborazio entzutetsua Duki herrikidearekin egin zuen 2017an, "No vendo Trap (Bizarrap remix)" abestiarekin. 

2018an, "BZRP Music Sessions" proiektuari ekin zion, argentinar eszenako artistak bere etxera gonbidatuta. Dagoeneko 52 saio plazaratu ditu, mundu mailako sonadun zein ezezagunagoak diren musikariekin. Berak sortutako baseen gainean abesten dute gonbidatuek, hiru minutu inguruko sesioan.

Ordutik, hamabost milioi harpidedun (YouTube) eta hamalau milioi jarraitzailetik gora (Instagram) ditu mundu osoan zehar, hurrengo sesioaren arrastoaren atzetik.