12:06

Gaztea

Telesailak

Egiazko gertakari bat, aktore aldaketak eta tronu berria: 'House of the Dragon'en inguruko bitxikeriak

B. F. | EITB Media

HBOren audientzia markak hautsita, 'Game of Thrones'en prekuelaren estreinaldiak sagaren jarraitzaileak aztoratu ditu. Berrikuntzaz josita dator Targaryen familiaren inguruko telesaila.

  • Rhaenyra Targaryen, 'House of the Dragon'en protagonista

    Rhaenyra Targaryen, 'House of the Dragon'en protagonista. Telesailaren trailerreko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Game of Thronesen (GoT) spin-offa momentuko telesaila da. Abuztuaren 22an emititu zen lehen atala, HBO plataforman, urteko estreinaldi gisa. George R. R. Martin, Ryan Condal eta Miguel Sapochnik gidoilariek Game of Thronesen ezagutu dugun Targaryen familiaren istorioa kontatuko digute, sagaren ohiko fantasiari eta gordintasunari eutsita.

Denbora saltoak

Telesaila George R. R. Martinen "Fire and Blood" nobelan oinarrituta dagoen arren, flashback bat da House of The Dragonen ikusiko duguna. Hain zuzen ere, Daenerys Targaryenen (Game of Throneseko protagonista nagusietako bat) jaiotzatik 200 urte atzera egin dute, Targaryen familiaren hastapenak kontatzeko.

Hala ere, tramak aurrera egin ahala, 10 urteko denbora salto bat izango da. Honek recast edo aktoreen aldaketa ekarriko du, telesaileko zuzendariek aurretik iragarri zuten bezala. Hala, Milly Alcock aktoreak hezur haragituko du Rhaenyra protagonistaren haurtzaro eta nerabezaroa, eta Emma D'Arcyk, helduaroa. Alicent pertsonaiaren kasuan ere, aldaketa egongo da: Emily Careyren ordez Olivia Cooke aktorea ikusiko dugu aurrerantzean.

Milly Alcock eta Emma D’Arcy aktoreak

Milly Alcock eta Emma D’Arcy aktoreak

Egiazko gertakarietan oinarritutako istorioa

Game of Thronesen bezala, prekuela honetako tramak badu loturarik Ingalaterrako gertakari historikoekin. Zehazki, Erdi Aroko Anarkia deituriko momentu historikoan oinarritu dute House of the Dragon. Garai hartan, telesailean gertatzen den bezala, Enrique I.a erregeak Matilde alaba oinordeko izendatu zuen, bere lehengusua alde batera utzita. Erabakiak gorteko gizonen traizioa eta guda zibil bat eragin zituen.

Spin-off gehiago?

Antza denez, George R. R. Martinen frankiziaren arrakastak ez du mugarik. Izan ere, estreinatu berri dutenaz gain, nazioarteko hedabideak etor litezkeen sekuelen inguruko informazioa zabaltzen hasi dira.

Iturri horien arabera, hemendik urte gutxira, Snow familiak zein Dorneko Nymeria printzesak haien telesail propioak izango dituzte.

Tronuaren itxuraldaketa

Telesail berri honetan, sagako enblema nagusian aldaketak egiten ausartu da lantaldea. Hala, Burdinazko Tronua "monumentalago" egiteko saiakeran, zailtasunak izan dituzte behar zituzten ezpatak lortzeko.

Tronua handitzeko, The Witcher telesaileko eta Warcraft filmeko atrezzoaz baliatu behar izan dira, 2.500 ezpatako aulki ikusgarria lortu arte. Filmeko langileek azaldu dutenez, errodajean hesi bat jarri behar izan zuten tronuaren bueltan, lantaldearen zein aktoreen segurtasuna bermatzeko.

Burdinazko Tronua. Telesailaren trailerreko irudia

Burdinazko Tronua. Telesailaren trailerreko irudia

Audientzia errekorra

Abuztuaren 22ko estreinaldiak HBOren marka guztiak hautsi zituen AEBn, hamar milioi ikuslerekin. Baina, errekorra apurtzeak zaila zirudien arren, House of the Dragonen bigarren atalak lortu egin du; izan ere, 10,2 milioi ikusle bildu ziren, astebete beranduago, Targaryendarren abentura berri batez gozatzeko prest.

Estreinuetako datuez gain, telesailak lortutako bestelako zenbakiak ere kontuan hartzeko modukoak dira. Astebetean, lehen atalak 25 milioi ikustaldi inguru izan zituen, The Hollywood Reporter zinema aldizkariaren datuen arabera.

Beraz, orain arteko joerari eutsiz gero, Targaryen familiaren inguruko produkzioa GoTen audientzia datuetara gerturatuko dela aurreikusi daiteke. Sagaren lehen denboraldiak 25,7 milioi ikustaldi ditu, 25,7 milioi bigarrenak eta 44,2 milioi azkenak.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean