Gaztea

Musika

Twin Melody ordiziar bikoteak Benidorm Festen parte hartuko du Eurovisionera heltzeko asmoz

B. F. | EITB Media

Aitana eta Paula Etxeberria bikiak ETB1eko ‘A ze banda’ saioan ezagutu genituen, eta egun, hemezortzi milioitik gora jarraitzaile dituzte TikTok plataforman.

  • Twin Melody

    Twin Melody. Argazkia: @twinmelody

Aitana eta Paula Etxeberria ahizpa bikiek osatutako Twin Melody bikotea 2023ko Benidorm Festen lehiatuko da, beste hamazazpi artistarekin batera.

Txapelketa irabazten duenak espainiar Estatua ordezkatuko du datorren urteko Eurovisionen, Liverpoolen.

Hainbat aurpegi ezagun daude bart iragarritako hemezortzi lehiakideen artean. Tartean, "Operacion Triunfo" saioko Agoney, Alfred Garcia eta Famous.

RTVEko profesional talde batek egin du partaideen hautaketa, aurkeztutako 876 proposamenak aztertuta.

Twin Melody: ETB1etik mundura

2014an ikusi genuen estreinakoz Twin Melody bikotea, ETB1eko "A ze banda!" lehiaketarako bidali zuten castingean.

Bideo honetan ikus daitekeen moduan, ingelesez aurkeztu zuten euren burua, Katy Perryren "Birthday" abestiaren bertsio bat kantatuz.

2:11

Lehiaketan sartzea lortu zuten, baita irabaztea ere. Bi urte geroago, 2016an, Go!azen telesailean ikusi genituen aktore lanetan. Telebistako saioetako agerpenez gain, YouTuben eta sare sozialetan oihartzuna lortzen hasiak ziren dagoeneko, abesti ezagunen bertsioak eta challenge biralak tarteko.

Azken urteetan, Telecincoko "La Voz" saioan, Antena 3eko "El Hormiguero"n eta Disney Channeleko "Bia" telesailean ikusi ditugu Paula eta Aitana.

Aktore eta abeslari lanekin batera, sare sozialetako eduki sorkuntzan aritu izan dira azken urteetan. Bada, 1.200.000 erabiltzailek jarraitzen dituzte Instagramen, eta 18.300.000k, TikToken. YouTuben, berriz, argiratu duten azken bideoklipak (Emma Muscatekin elkarlanean egindako "Ciao" abestia) 522.464 ikustaldi ditu.

Guzti hau gertatu aurretik, Gazteatik ere igaro dira bi ahizpak. Ezagutu genituen urtean, adibidez, "Dida Fresh" saioan izan ziren, eta txundituta utzi zituzten Julen Telleria eta Ainhoa Artetxe aurkezleak.

Gainera, 2020ko Gaztea Sarietan urteko pertsonaiaren garaikurra irabazteko izendatuak izan ziren, Itziar Ituñorekin, "El Conquis"eko Mikel Perezekin eta Orioko arraunlariekin batera.