10:26

Gaztea

MAKETA LEHIAKETA

2022ko Maketa Lehiaketaren final handia, gaur

EITB MEDIA

Finala gaur, abenduaren 1ean, izango da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan 21:00etan. Bertan, Xander, Txopet, Ttiritt eta Ithaka finalistek euren kantua abestuko dute epaimahaiaren aurrean. Ekitaldia Youtuben eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da. Hemen duzu jakin beharreko informazio guztia.

  • Maketa Lehiaketa.

    Maketa Lehiaketa.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Dena prest dago gaur, abenduak 1ean, izango den Gaztea Maketa Lehiaketaren final handirako. Bertan, Xander, Txopet, Ttiritt eta Ithaka finalistek euren kantua abestuko dute, eta entzuleek ikuskizunaz gozatu ahal izango dute.

Emanaldia 21:00etan izango da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Bertan egongo diren epaimahaikideek, Julen Idigoras, Izaro eta Lorea Argarate, erabakiko duten nor den aurtengo Maketa Lehiaketako irabazlea.

Ekitaldia Gazteako Youtube kanalean eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da, zuzenean.

Finalistak

Xander

16 urteko artista gipuzkoar honek hyperpop eta pop-punk musika estiloak jorratzen ditu, eta bere proposamena "Bele Beltz" deitzen da.

Txopet

Hiru kide bilbotarrek osatzen dute Txopet taldea. Euren musika definitzeko eskatuta, honela erantzungo lukete: "gitarra kolpe zuzenak eta norabide zehatz bat ezartzen duten oinarri erritmikoak, amorruz betetako 'garage rock' zapore printza batekin".

Ttiritt

Hondarribiko bakarlaria da Ttiritt, eta gitarra oinarri duten punk eta rock doinuak traparekin eta antzeko genero elektronikoekin nahastea du gustuko. Etxean sortu eta grabatzen ditu abestiak. "Jauzia" kantua aurkeztu du Maketa Lehiaketan.

Ithaka

Orioko eta Zarautzeko 18 urteko lau gaztek osatzen dute Ithaka taldea. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta ordutik, abesti batzuk kaleratu eta kontzertuak emateko aukera izan dute. Pop-rock musika egiten dute, baina ez diote euren estiloari mugarik jarri nahi.

Entzuleei esker igaro dira finalera, "Amestu Dezagun" kantuarekin.

Sariak

Hiru sari banatuko dira: Epaimahaiaren Saria, Entzuleen Saria eta Harrobia Saria.

Epaimahaiaren Sariak 5.000 euro eskainiko ditu, eta, gainera, Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izango du garaileak. Finalean izango diren zuzeneko emanaldietan oinarrituta erabakiko dute epaimahaikideek nor izango den Gaztearen XXXI. Maketa Lehiaketaren irabazlea.

Bestalde, GazteBizhitza Sariak (Entzuleen Saria) 2.500 euro eskainiko dizkio Ithaka talde gipuzkoarrari. Hala erabaki dute Gazteako ikus-entzuleek webguneko bozketaren bitartez.

Azkenik, Harrobia Sariaren irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.

Nola iritsi

Jimmy Jazz aretoa Gasteizko erdialdean kokatzen da, eta hara hainbat modutan hel daiteke. Bilbotik, Iruñeatik eta Donostiatik autobusak ateratzen dira, egunean hainbat alditan, Gasteizko autobus geltokira. Handik aretora, 16 minututan hel daiteke oinez. Alferrenek tranbia har dezakete, eta zuzenean areto inguruan izango dira, oinez ibili behar izan gabe.

Kotxez gerturatzen direnek, aretoaren kalean bertan aparkatu dezakete urdin koloreko TAO ordaindu behar izan gabe, 20:00etan amaitzen baita ordainpeko zerbitzua.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean