Gaztea

Musika

Los Angelesi maitasun gutuna, Madonnaren “Sex” eta Hemsworthmi mezua: Miley Cyrusen diskoaz dakigun guztia

B. F. | EITB Media

Ostiralean (urtarrilak 13) entzungo dugu “Flowes”, estatubatuar artistaren zazpigarren diskoko singlea. Lan luzea, ostera, martxoaren 10ean aterako da.

  • Miley Cyrusen disko berriko azala

    Miley Cyrusen disko berriko azala

2022ko azken txanpako musika albisterik sonatuenetarikoa izan da: Miley Cyrus bueltan dator, Endless Summer Vacation izeneko zazpigarren diskoarekin. Lan osoa martxoaren 10ean aterako den arren, "Flowers" izeneko singlea ostiral honetan bertan (urtarrilak 13) izango dugu entzungai.

Kaliforniar artistaren diskoaren kaleratze datak sare sozialak aztoratu ditu; izan ere, lan luzea Liam Hemsworthmen —Cyrusen bikotekide ohia— urtebetetze egunean argitaratuko da.  

Askoren ustez, aukeratutako data ez da ausaz erabaki. Bada, bukatutako maitasun istorio bati erreferentzia egiten dioten hainbat esaldi publikatu ditu Cyrusek bere Instagram profilean. Besteak beste, "I can hold my own hand" (nik neuk nire eskua eutsi dezaket) edo "I can love me better than you can" (zuk maite nauzuna baino hobeto maita dezaket nire burua) hitzak irakur daitezke bertan.

Endless Summer Vacation: Los Angelesi idatzitako maitasun gutuna eta Madonnari eginiko omenaldia

Artistak egindako adierazpenen artean, diskoa "Los Angelesi idatzitako maitasun gutuna" dela azpimarratu daiteke. Letretan eta doinuetan aurkituko ditugun erreferentziez gain, musikariak AEBko pop kulturaren ikonoetako bat omendu du bere lan berrian.

Disko berriaren azalean, Miley Cyrus ageri da, bainujantzian, trapezio batetik eskegita —Briana Capozziren argazkia—. Zintzilik, "Wrecking Ball"en estiloan, baina zeharo eraberrituta.

Zaleek ez dute denborarik galdu eta dagoeneko badakigu zein izan den irudiaren inspirazio iturria: 1992an Madonnak publikatutako "Sex" liburu erotikoan aurki daitekeen argazki bat.

"Sex"en argitalpenak sekulako eztabaida piztu zuen, hainbat herrialdeetan zentsura jasatera iristeraino. Bilduman Madonnak berak idatzitako testu erotikoak eta Steven Meisel argazkilariak aurki daitezke.

1992tik ez da poparen erreginaren liburu fetitxearen edizio berririk atera eta daude aleek 300 dolaretik gorako prezioa dute bigarren eskuko merkatuan.