Gaztea

Agenda

Zea Mays, J Martina, Merina Gris, Tatxers, Anari eta Dupla, asteburuko kontzertuen artean

EITB Media

Zuzenekoz lepo dator aste bukaera. Kontsultatu hemen Euskal Herriko areto eta ekitaldietako musika programazioa.

  • J Martina

    J Martina. Argazkia: @mvankoekje

Zuzeneko musikak ez du etenik, ezta apirileko asteburu euritsu batean ere. Zea Mays, J Martina, Merina Gris, Tatxers, Anari eta Dupla daude aste bukaera honetan Euskal Herrian ikusgai izango diren artisten artean.

Ostirala (apirilak 21)

Donostiako Dabadaba aretoan, Zea Maysek Adore.Kemena.Kuraia diskoa aurkeztuko du, sarrera guztiak salduta.

Igorreko Kiñu gaztetxean, Anari ikusiko dugu oholtza gainean, martxoaren 31n eman behar zuen kontzertua atzeratu ostean. Sarrerak bertan izango dira eskuragarri, eta kontzertua 21:30ean hasiko da.

Zorrotzako gaztetxean, Rodeo eta Lotura izango dira ikusgai eta entzungai, 20:00etatik aurrera. Sarrerak 12 euroan daude salgai, eta bertan eskuratu daiteke.

Bilboko Santana 27 aretoak Su Ta Gar eibartarrak hartuko ditu, 21:00etatik aurrera. Tiketak hemen eskuratu daitezke, 20 euroren truke.

Larunbata (apirilak 22)

Aiherrako (Lapurdi) jaietan, Dupla, Buhos eta Rotten XII arituko dira, 22:00etatik aurrera, Freedom for Aiherra jaialdian. Apahiriko plazan izango dira kontzertuak, eta sarrerak bertan eros daitezke, 13 euroan. Gaua borobiltzeko, DJ Doyek musika jarriko du goizaldera arte.

Atarrabiako Totem aretoan, J Martina 2.0 (bandarekin) eta Merina Gris igoko dira taula gainera, 20:00etan. Sarrerak hemen eskura daitezke, 12 euroan, eta aretoko txarteldegian, 15ean.

Burlatako gaztetxean, Sta. Cruz, Blessure eta Tatxersek eskainiko dute zuzenekoa. Jaia 18:00etan hasiko da, DJ Montxu Fuck Offekin. Kontzertuen ostean, Azken Erromantikoak DJek gaztetxea dantzan jarriko dute. Tiketak bertan eros daitezke, 10 euroan.

Bilboko Santana 27 aretoan, Belén Aguilera espainiar artista ikusiko dugu oholtza gainean, 'Super Pop parte II' biraren baitan. 22:00etan izango da.