Gaztea

Musika

Taylor Swift, euritan dantzan: artistaren kontzertu berezienak utzitako memeak

B. F. | EITB Media

'The Eras Tour' birako azken zuzenekoak irudi ikusgarriak utzi ditu. Swiftek berak sare sozialetan azaldu duenez, Nashvilleko Nissan Stadiumen bizitakoa “ahaztezina” izan zen.

  • Taylor Swift, Nashvillen

    Taylor Swift, Nashvillen. Argazkia: @ShearerPhoto @GettyImages

Zaparrada bortitzak astindu zuen astelehen goizaldean Taylor Swiftek Nashvilleko Nissan Stadiumen eskainitako zuzenekoa. Klimak eragindako eragozpenek showa atzeratu zuten arren, euri-jasak ez zuen zapuztu 'The Eras Tour' birako azken kontzertua.

Taylor Swiftek berak sare sozialetan azaldu duenez, ezohiko bezain dibertigarria izan zen astelehenekoa. "Dantzariak, banda, publikoa eta ni neu putzuetan saltoka aritu ziren haur bihurtu ginen", esan du artistak. Gainera, egindako lana eskertu dio lantalde teknikoari, eta "betiko gogoratuko duen kontzertua" izan zela erantsi du.

Zuzenekoak utzitako une gogoangarrien artean, hainbat zalek publikatutako hau aurki dezakegu. Bertan, Swiftek "All Too Well" abestiko "Fuck the patriarchy" esaldia kantatzen duen bitartean, tximista erraldoi bat ikus daiteke estadioko pantaila erraldoiaren atzean.

Euskal Herrira etorrita, Gatiburen "Euritan dantzan" abestiarekin ere egin dituzte txantxak Twitterreko erabiltzaileek.

Ekaitzaren erdian, Swiftek aurrera egitea erabaki eta ohiko errepertorio, janzkera aldaketa, koreografia eta eszenografiak osatutako ikuskizuna eskaini zuen. Dantzariez gain, hainbat gonbidaturekin partekatu zuen giro apokaliptikoak blaitutako agertokia; tartean, The National taldeko Aaron Dessner eta Phoebe Bridgers artistekin kantatu zuen musikariak.

Kontzertuan gertatutakoen artean, zurrumurruek ere izan dute lekua. Bada, hainbat zalek Matty Healy (The 1975 taldeko abeslaria) harrapatu zuten Nissan Stadiumeko publikoko VIP gunean. Aspaldiko lagunak direla diote biek, baina azkenaldian hainbat aldiz ikusi ditugu elkarrekin (The Eras Tourreko Nashvilleko bigarren kontzertuan oholtza gainera igo zen, gonbidatu gisa) eta bien arteko maitasun-harremanaren susmoak gero eta indar handiagoa hartu du Nashvilleko kontzertuaren ostean.