Gaztea

Agenda

Olaia Inziarte, Neomak, Esne Beltza, Ghau eta Chica Sobresalto, asteburuko kontzertuen artean

B. F. | EITB Media

Kontsultatu hemen aste bukaerako musika eskaintza.

  • Ghau

    Ghau

Astebururako plan bila? Zuzeneko musikaz gozatzeko gogoa izanez gero, hona galdu ezin dituzun hainbat kontzertu.

Ostirala

Eider bakarlaria Donostiako Dokan izango da, 20:30ean, Loratzen izeneko estreinako diskoa aurkezten. Sarrerek 6 euro balio ditu aurrez erosiz gero, eta 8 bertan eskuratuta.

Donostiatik atera gabe, Alba Morena eta Olaia Inziarte ikusteko aukera egongo da, Tabakaleran, 21:00etatik aurrera. Sarrerak hemen eros daitezke, 10 euroan.

Larunbata

Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea), Ibil Bedik Goldea diskoa aurkeztuko du, 19:00etan. Tiketak 12 euro balio du.

Lemoan, Lemoakustic jaialdia egingo dute Kotxepin Kulturetxean. Bertan, Audience, Mugan, Ghau, Maria Vaquerizo eta Arratiako Musika Eskola igoko dira oholtza gainera, 12:00etan hasi eta gau erdira arte.

Altsasuko frontoian, Errepresioari Hortzak Erakutsi jaialdian, Brigade Loco, Kaleko Urdangak, The Lio, Sofokaos, Irati 58, Ostikoka, Neskatasuna eta Against You taldeek eskainiko dituzte zuzenekoak. 20:00etan hasiko da eta sarrerak 20 euroko prezioa du.

Urduñako otxomaiotan, Esne Beltzak zuzenekoa eskainiko du Foru Plazan. Jarraian, DJ varrok jarriko dio doinua gauari, goizaldera arte.

Gasteizeko Jimmy Jazzen, Zea Maysek joko du, 'sarrerarik gabe' kartela eskegita.

Iruñeko Totem aretoan, Chica Sobresalto nafar artista igoko da oholtza gainera, 21:00etan. 18 euroko prezioa dute sarrerek eta aretoaren webgunean eskuratu daitezke.

Igandea: Herri Urrats

Senpereko lakuaren inguruak musikaz blaituko dira igande honetan, Herri Urratsen aitzakian.

Araba gunean, Haize Arroxa berrizko taldeak bere lehen kontzertu handia eskainiko du, Triki pop doinuekin. Tiktara taldeak, berriz, son, funky eta musika afrikarren doinuak uztartzen ditu; hau da, munduko doinuak abestu eta dantzatzen ditu, euskaraz. Neomak zazpi neskak osatzen duten taldeak oso kontzertu berezia emango du, bereziki Herri Urrats egunerako prestatutakoa. Zetak (iazko kantuaren egilea) ere bertan izango da. Gozategiren trikiti doinuak ere ez dira faltako. Gainera, lagunez inguratuta igoko dira eszenatoki gainera. Eta, amaitzeko, Holako Deluxe erromeria izango da Araba guneko egitarauari bukaera emateko.

Lapurdi gunean, janariari lotutakoan, Kuxkuxtu txaranga izango da bazkariak alaitzen, eta goizean, Senperetarrak.

Nafarroako BADOK gunean, gehienbat gazteei zuzendutako gunea izan arren, helduak ere dantzan jarriko dituzte hainbat taldek. Patxi eta Konpainia taldearekin hasi, eta Mister Saguak Hazparneko talde mitikoarekin jarraituko du festak. Xutik taldeak iaz kaleratu zuen diskoa eskainiko du. Delirium Tremens taldeak, 40. urteurrena ospatzeko ekimenetan, Atabal aretoa bete zuen, eta Nafarroa gunea beteko dute oraingoan garai bateko doinuez. Su Ta Gar, aurtengo abestiaren egilea, Herri Urratseko izarra izango da. Eta azkenik, Fermin Muguruzaren bertsioak egiten dituen SFM taldea izango da oholtza gainean.

Gipuzkoa gunean, dantza emanaldiak izango dira protagonista. Estitxu Robles kolegioko gazteek irekiko dute, Dantzaz konpainiarekin egindako ikastaldiarekin. Ondoren, Oinak arin, Herri Urrats Kantuz, Txingilika, Begiraleak eta Los Chancaires ikusi ahal izango dira. Eta dantza saioen ostean, amaitzeko, Andoni Ollokiegi bakarlari gipuzkoarrak kontzertua eskainiko du.