Gaztea

Eurovision

Eurovision 2023: memeak, polemika eta Liverpoolen bizitakoaren kronika

B. F. | EITB Media

Azken urteetako joerari eutsita, Eurovisionen bi aurpegiez gozatzeko aukera izan dugu asteburuan. Liverpoolen gertatzen zenaren berri izan dugu, gertatzen zen horrek sare sozialetan zuen oihartzunari begirik kendu gabe.

  • Loreen, 67. Eurovisioneko irabazlea

    Loreen, 67. Eurovisioneko irabazlea. Argazkia: EFE

Larunbatean, Liverpoolek europar kantagintzaren festarik handiena hartu zuen, Eurovision lehiaketaren 67. edizioan. 26 finalista lehiatu ziren txapelketan; eta, orotara, 18 hizkuntza entzun genituen M&S Arenako oholtza gainean.

Boto guztiak zenbatuta, Loreen suediarrak eraman zuen kristalezko mikrofonoa, "Tattoo" izeneko kantari esker. Errekor bat hautsi zuen artistak, bigarren aldiz irabazi baitu txapelketa (2012an irabazi zuen estreinakoz, "Euphoria" abestiarekin).

Azken urteetako joerari eutsita, Eurovisionen bi aurpegiez gozatzeko aukera izan genuen larunbatean: Liverpoolen gertatzen zenaz eta gertatzen zen horrek sare sozialetan zuen islaz.

Sareak bete zituzten gaien artean, Frantziako ordezkariaren janzkerari buruzko iruzkin ugari aurkitu ditugu. Bada, La Zarra artista igota zegoen plataforma osoa estaltzen zuen soineko erraldoiarekin agertu zen taula gainean. Herrialdeetako bozketak jakiteko unean ere eztabaidagai bihurtu zen La Zarra, eskuarekin egin zuen etsipen keinua tarteko.

Garaipenaz harago, Loreenen ikuskizunak sekulako oihartzuna izan zuen sare sozialetan. Suediarraren eszenaratzearen eta lookaren inguruko memeak nagusitu dira, baita irabazi zuela jakitean izandako jarrerari buruzkoak ere. Gainera, "Tattoo"ren eta "Flying Free" abestiaren antzekotasunek eta plagioaren inguruko zurrumurruek hainbat lerroburu bete dituzte.

Bestela, Kroaziako eta Finlandiako ordezkarien inguruko hainbat tweet ikusi genituen. Erabiltzaileek Eurovisioni eskatzen dizkioten bi ezaugarri ezinbesteko beste zituzten biek: look xelebreak eta eszenaratze bitxia.

Finala, Liverpooletik

Finala Euskal Herritik jarraitu genuen arren, Jon Fernandez Gazteako lankidea Liverpoolen izan da asteburuan. Eurovillage izeneko gunetik ikusi zuen gala, nazioarteko eurofanez inguratuta.

Jonek berak azaldu digunez, ahaztezina izan da asteburuan bertan bizitakoa. Eurovisionen atzean dagoen guztia bertatik bertara ezagutzeko esperientzia zirraragarriaz gain, arlo pertsonalean ere betirako gordeko duela dio gure lankideak: "Oso berezia izan da leku berean mundu osoko jendearekin koinziditu eta herrialdi guztietako abestiak entzuten elkarrekin gozatzea".

Behin irabazlea ezagututa, Eurovillagen zeuden zaleen erantzuna deigarria egin zitzaion Gazteako lankideari: "Egia da Loreen faborito eztabaidaezina zela, baina Finlandiaren "Cha Cha Cha" izan zen zaleen irabazlea. Sekulakoa izan zen bertan zegoen publiko guztia abestia kantatzen eta dantzatzen ikustea".

Politika, eztabaidaren erdigunean

Urtero legez, Israelen partehartzeak erabiltzaileen haserrea piztu du, Palestinaren kontrako erasoak tarteko. Hala, Israelen irudia zuritzea leporatu zaie, beste urte batez, Eurovisioni eta bertan parte hartu duten herrialdeei.

Aurten, gainera, Ukrainako gerraren eztabaida gehitu da agendara. Bada, txapelketako zuzendaritzak betoa jarri dio Errusiari, "Ukrainian eragindako aurrekaririk gabeko krisia" argudio gisa erabilita.

Aipatutako bi herrialdeek beste batzuen kontrako erasoaldiak egin izan dituztela kontuan izanda, erabiltzaile askorentzat kontraesankorra izan da Eurovisionek Israel eta Errusiarekin egindako bereizketa.