Gaztea

Maketa Lehiaketa

Zatoz Maketa Lehiaketako finalera, Sala BBK aretora

Gaztea | EITB Media

17:00etan hasita, festa paregabea prestatu dugu Sala BBK aretoan. “Gu” saio bereziarekin hasiko dugu arratsaldea.

  • Maketa Lehiaketa

    Maketa Lehiaketa

Gaur aratsaldean izango da Maketa Lehiaketaren final handia, Bilboko Sala BBK aretoan. Bertan lehiatuko dira Itzek, Ganibet, Enbata Lorade eta Zilibito Records, aurtengo lau finalistak.

17:00etan abiatuko dugu finala, Sala BBKtik bertatik egingo dugun "Gu" saio bereziarekin. Bertatik igaroko dira finalistak, epaimahaikideak eta saioko ohiko kolaboratzaileak.

Gero, 20:00etan, oholtzara igaro eta musikak hartuko du aretoa, Ainhoa Vitoriak aurkeztutako ekitaldian. Lau finalistek zuzenekoak eskainiko dituzte, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiaren aurrean.

Lau kontzertuak entzunda eta epaimahaiaren balorazioa jasota, 2023ko Maketa Lehiaketaren irabazlearen izena jakingo dugu, baita Harrobia Saria (Oso Polita ekoiztetxearekin EP bat grabatzeko aukera) eramango duenarena ere. Gainera, Enbata Lorade taldeak GAZ Saria (2.500 euro) jasoko du, Gazteako ikus-entzuleek hala erabakita.

"Gu" saio berezirako zein Maketa Lehiaketako finalerako sarbidea librea izango da. Bertaratzerik ez dutenek, nolanahi ere, streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Gaztearen webgunean eta YouTube kanalean.

Maketa Lehiaketa 2023

Maketa Lehiaketa 2023

Ezagutu finalistak

Mungiarrak dira Nekane Otazua, June Aresti eta Antton Elorriaga, Itzek taldeko hiru kideak. Duela urtebete hasi ziren elkarrekin musika egiten, eta hainbat kontzertu eman dituzte dagoeneko. Abesti bakarra publikatu dute: "Nartziso".

Bigarren proposamena Altsasutik dator, bertakoak baitira Ekain eta Amaiur, Ganibet bikoteko kideak. 2023an hasi dira kantak aurkezten, hainbat euskal talderen abesti ezagunen bertsioak gehienetan. Elektronika lantzen dute, eta euren abesti propioak sortzeko prozesuan daude murgilduta.

Zilibito Records sei lagunek osatutako kolektibo oiartzuarra da. Trapa, pop-punka, bachata, hyperpopa eta beste hainbat estilo uztartzen dituzte euren etxeetan sortutako abestietan. Aurtengo ekainean publikatu dute Hastapenak izeneko lehen diskoa.

Enbata Lorade bakiotarrak izan dira aurtengo Maketa Lehiaketaren bozketa faseko garaileak, botoen % 23 eskuratuta. Euren musika definitzeko eskatuta, "estilo zehatzik ez duen baina soinu konkretu bat bilatzen duen musika" egin nahi dutela diote. "Marea", "Zuzen" eta "Egurre" maketak aurkeztu dituzte.