Gaztea

Gaztea

Gazteak astelehenean ekingo dio ikasturte berriari

A.E.

Berrikuntzak ekarriko ditu eta entretenimenduak toki handiagoa izango du programazioan.

  • Gaztearen logoa

Astelehenean, irailaren 10an, denboraldi berria jarriko du abian Gaztea irratiak. 'dida!' saioa indarrez eta atal berriekin etorriko da. 7etatik 10etara, goizari saltsa, musika, umorea eta denetariko atal erakargarriak aurkezten jarraituko dute Joseina Etxeberriak, Edurne Garmendiak, Ainhoa Vitoriak eta Jon Gotzon Aldaparenak.

Gauetan ere entretenimendua izango da nagusi, saio berri baten eskutik. Amaia Artetxek eta Xabier Bolunburuk 'Akabo Bakea!' saioa egingo dute 22:00etatik gauerdira bitartean, astelehenetik ostiralera. Orain, gauak ere gazteak dira, gure entzuleengandik inoiz baino gertuago egon nahi dugulako.

Beste saio berri bat ere badakar Gazteak Itziar Alduntzinen eskutik: 'Ze Martxa'. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko seietan izango du hitzordua, entzuleen mezuak eta deiak musika onenaz jantziz.

'B Aldea' Gazteako musika magazinak bertako nahiz mundo osoko bestelako musikarik onena ekarriko du aurten ere. Ainhoa Urretabizkaiak eta Xabier Doncelek jarraitu beharreko taldeak eta datozen artista berriak aurkeztuko dizkizu, 'zuri musika gustatzen zaizulako'.

'Pop Track' ostiralero, gaueko bederatzietatik hamarretara, Ibon Fernandezek aurkeztuko du. Musika elektronikoak gero eta jarraitzaile gehiago dituelako. Hilabetean behin, gonbidatu berezi batek DJ saioa eskainiko dizu Gazteako entzule zarelako.

Eta gaueko 12etatik aurrera, Ingalaterratik, Mark Brown DJ-a. Aurtengo udan Ibizako pistak astindu ditu eta udazkenean Gaztean izango da. 'MYNK' saioa, ostiral gauetan, 24:00-02:00etara.

Rocka maite baduzu eta historiak eman dituen disko onenak ezagutu nahi badituzu, igandero 'Ekaitz Perfektua' dugu, Fermin Etxegoienekin.

Gazteak 24 orduz dantzan jarriko zaitu dance aukera hoberenarekin 'Gaztea Go' saioaren eskutik. Joseba Sacristan DJak David Guetta, Tiesto, Avicii, Bob Sinclar, Big Ali, Hardwell, Justice, Basto, Armin Van Buuren, Joachim Garraud... arrakasta handienak ekarriko ditu.

Eta ondoren, Armin Van Buuren DJ internazionalak Gaztean pintxatuko du bi orduz.

Eta Europako erdi-erdian, Pragatik, 'Cool Klub'. Arkaitz Basterrak Europako pistetan entzun eta dantzatuenak diren erritmoak ekarriko ditu larunbatetan, 22:00etatik 23:00etara.