Gaztea
Denboraldi berria
Astelehenean abiatuko dugu denboraldi berria, merezi duzun ikasturte hasiera emateko
Gaztea
Goizeko lehen argiekin hasi eta iluntzera arte, musika, elkarrizketak, bitxikeriak eta umore onik ez zaizue faltako. Ohiko saioekin eta kolaboratzaile berriekin ekingo diogu denboraldi berriari.
-
Gaztea
Irailaren 9an, astelehenarekin, abiatuko dugu Gazteako denboraldi berria. Ohi bezala, musika eskaintza oparoa, elkarrizketak, musika eta kulturaren alorreko berriak eta umorea izango da nagusi goizeko 7:00etan hasi eta gauera arte.
Astegunetan, "Dida!", "GU" eta "B Aldea"k beteko dute programen tartea. Asteburuan, berriz, "Top Gaztea"k hartuko du goiza. Oihan Vegak eta Oizeder Mayok gure entzuleen kanta kutunak jarriko dituzte, 30 abestiko zerrenda errepasatuz.
Gainera, aste osoan zehar, musika onena jarri eta zure gustuko artistak zuzenean ikusteko informazioa emango dizute Ainhoa Arroitajauregi, Ainhoa Vitoria, Maider Gorostegi, Leire Arrojeria eta Joseba Sacristanek.
Dida!
7:00etan hasi eta 10:00ak arte, esnatzen lagunduko dizute Julen Telleria, Jon Gotzon Aldaparena, Andrea Aranburu eta Antton Telleriak. Eguna informatuta eta umore onez hasteko, ohiko tarteez gain, bidaide berriak izango dituzte "Dida!"ko lagunek.
Intza Alkain aktorea Gazteriaren Arartekoa izango da. Politikari ere helduko diote, beti ere Gaztearen estiloan, Aner Ansorena aholkulariarekin. Hirugarren fitxaketa bat ere egin dute denboraldi berrirako: Aitziber Grados 'Benetan Zabiz?'eko kidea eta Didakide ohia.
Irrati urte berriari, zozketa berriak. Euskal Herriko Arrazoi Txapelketa abiatuko dute goizero, arrazoia duten pertsonak saritzeko (100 euroko txekeak eta Lea Artibai ikastetxeak babestutako sari potoloekin).
"GU"
Arratsaldeko kafea Ibon Fernandez eta Alain Perezekin hartuko dugu, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Musika, eguneko albiste esanguratsuenak, boladan dauden joerak, bitxikeriak, zozketak eta kolaborazio bereziak izango ditugu entzungai.
Aurten, Eire Maia eta Eire Salegi, Eire taldeko kideak, izango dira "GU"n, astean behin. Musikariekin jarraituta, Anixe artista arrasatearrak ere kolaboratzailea izango da, eta bizitza erraztuko diguten tresnez arituko zaigu.
Berrikuntzekin bukatzeko, Paul Elizondo kazetariak deserosoak diren pertsona moten edo ekintzen erradiografiak ekarriko dizkigu.
"B Aldea"
Musika aukeraketa finena ekarriko dizu Julen Idigorasek, 20:00etan hasi eta 22:00ak arte.
Gainera, nazioarteko artisten berriak, euskal artistei elkarrizketak eta eremu komertzialetik kanpo dauden proposamenak ekarriko dizkigu, astelehenetik ostegunera.
Ohiko kolaboratzaileez gain, Juan TaTorrik queer undergroundaren eszenaren berri emango digu, hamabostean behin.
"Top Gaztea"
Larunbatetan, 11:00etatik aurrera, Gazteako entzuleen abesti gustukoenen errepasoa egingo dute Oizeder Mayo eta Oihan Vegak. Hala, entzuleen bozak kontuan izanda, 30 abesti bozkatuenen zerrenda eguneratuko dute astero.