MTVren VMA sariak: Taylor Swiften errekorra, emakumezko pop izarren gau handian
New Yorkeko UBS Arenak MTVren VMA sariak hartu ditu bart. Taylor Swift izan da gaueko protagonista, zituen 12 izendapenetatik 7 sari lortu baititu. Urteko bideorik onenarena, urteko artistarena eta udako kantarena, galako saririk garrantzitsuenak, eraman ditu estatubatuar artistak.
Bi errekor hautsi ditu Swiftek: VMA gehien irabazi dituen emakumea da (Beyoncek zuen 27 sariko langa igaro du, 30era iritsi baita) eta saririk garrantzitsuena (urteko bideorik onenarena) bost aldiz lortu duen lehen artista da.
Poparen divekin jarraituta, Chappell Roanek eraman du artista berri onenaren garaikurra eta Sabrina Carpenterrek, ostera, urteko abestiarena ("Espresso"). Anittak ("Mil veces" abestiarekin) kanta latino onenaren VMA irabazi du eta Dua Lipak koreografia onenarena ("Houdini"ren dantzari esker).
Bestela, Eminem eta Megan Thee Stallionek bina sari eraman dituzte; hip-hop kanta onenarena eta efektu berezi onenena Eminemek ("Houdini"), eta arte zuzendaritza onenarena ("BOA") eta trending bideorik onanarena ("Mamushi") Meganek. Azken horrek, gainera, sekulako ikuskizuna egin du, zuzenean.