X-b aldea-X

X-b aldea-X

B Aldea

Musika

Stromaeren itzulera: infernutik ‘Multitude’rako bidea

2016an eman zuen Stromaek bere azken kontzertua. Sei urte beranduago, “Multitude” izeneko lana plazaratu du, nahasmendu psikologikoak, bakardadea eta arrakastaren itzalak hizpide.

  • Stromae

    Stromae. Argazkia: @lydie.bonhomme

    22:43 min
imagen player
imagen player
imagen player

Stromae belgikar musikari ospetsuaren itzulerak sekulako oihartzuna izan du nazioarteko musika eszenan. Buru osasuna eta arrakastaren itzalak lehen lerroan jarrita, "Multitude" izeneko lan luzea plazaratu berri du. Ainhoa Vitoriak diskoaren inguruko hainbat bitxikeria kontatu ditu "B Aldea"n.

Arrakastarekin eta musikaren industriaren dinamikekin gogaituta, "normal" sentitzeko beharra zuela azaldu zuen artistak, 2016an emandako elkarrizketa batean. Urte horretan eman zuen Stromaek bere azken kontzertua, sei urteko isilunearen aurretik. Bere burua zaindu eta kontatzeko ezer ez zuelako erretiratu zela aitortu izan du gerora.

Mikrofonoetatik aldendu zen arren, ez dio lan egiteari utzi. Bada, "Multitude" izeneko LPa idazten eta grabatzen aritu izan da azken urteetan. Lan egiteko modua, ostera, asko aldatu duela aitortu du hainbat elkarrizketetan; izan ere, bere osasun mentala eta ingurukoen zaintza bermatzeko, "funtzionario ordutegia" egitea erabaki baitzuen.

Disko berriaren aurkezpenean, bereziki entzutetsua izan da L'enfer singlearena. TF1 kateko albistegietan (Frantziako albistegirik ikusiena) egindako elkarrizketan bakardadeaz galdetu zioten, eta hitzez erantzun beharrean "L'enfer" abesten hasi zen, zuzenean, prime time ordutegian.

Erreferentziak eta inspirazio iturriak ere erabat aldatu dira Stromaeren azken lanean. Ainhoa Vitoriak azaldu duenez, beste herrialde eta kultura batzuetako elementu tradizionalak uztartu nahi izan ditu. Horretarako, txinar folkloreko erhu izeneko instrumentuaz baliatu da, besteak beste.

Azkenik, bi bitxikeria kontatu dizkigu "B Aldea"ko kolaboratzaileak: Adelek Stromaerekin kolaboratzeko proposamena jaso zuela eta, "Multitude" beharrean, diskoaren lehen izena "Folklore" izan zela.