X-b aldea-X

X-b aldea-X

B Aldea

Elkarrizketa

Ibil Bedi: “Uste dugu kulturak horrela funtzionatu beharko lukeela, une oro golde bat bueltaka izanda”

Ibai Osinaga eta Amets Aranguren taldekideak "B Aldea"n izan dira, 'Goldea' aurkezten.

  • Ibil Bedi

    Ibil Bedi. Argazkia: arriguri

    23:34 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ibil bedi taldeko Ibai Osinaga eta Amets Aranguren "B Aldea"n izan dira, taldearen hirugarren lana aurkezten.

Lurra iraultzeko lanabesa da goldea, eta hala izendatu du iruindar taldeak bere hirugarren diskoa. Musikak soilik ez eta kulturak ere golde baten modukoa izan beharko lukeela uste dute taldekideek, etengabe lurra irauli eta sustraietan dagoen horri eutsiz mugimendurako joera duen gailua.

Diskoak izandako harreraz galdetuta, bestelakoa izan dela diote elkarrizketatuek. Beroa eta anitza, ezbairik gabe. Gainera, orain arte iritsi gabeko jendeari heldu direnaren susmoa dute.

Bidea eta etenik gabeko mugimendua dira Ibil Bediren leitmotiv nagusiak, eta abesti sorkuntzan ere tinko eutsi diete: "Musikalki ertzetara jo dugu gehiago, kantei buelta gehiago eman dizkiegu eta geruza gehiago dago", azaldu du Ametsek.

Egin dute bidea, lurra mugituz eta tokatu zaien urtarora moldatuz; baina, goldeak lez, erroa erauzi gabe. Bada, esperimentazioaren bideari ekin dioten arren, ez zaie kostatu taldearen esentzia iraunaraztea: "Nondik idazten dugun ez da hainbeste aldatu. Oso garrantzitsua da egiten dugunak guretzat zentzua izatea eta zintzoak izatea egiten ari garen horrekin".

Ibai Osinagak berak nahastu du diskoa, eta egindako lanarekin gustura gelditu den arren, gogorra izan dela aitortu digu. Hala ere, behin aireratuta, ez du dudarik egin: merezi du.

Kontzertuen kudeaketaren zama ere euren gain hartzen dutela kontatu digute, eta gustatzen zaiela eragileekin harreman zuzena izatea. Lan mardula izanagatik ere, lortzen dutela ardurak banatu eta dituzten baliabideekin euren filosofiari eustea.

Datozen egunetan, Ibil Bedi zuzenean ikusteko hitzordu bakarra egongo da: ekainaren 8an, Bilboko Kafe Antzokian.

Etxeko gozotasunetik ikusteko, ostera, aukera ezin hobea izango da igande honetan, Gazteako Behekaldean (20:00etan, YouTube kanalean).