B Aldea
Sexu erasoak
Diddy auzia: gertatzen ari den guztia ulertzeko gakoak
Irailean atxilotu zuten artista, krimen antolatua, sexu esplotaziorako trafikoa eta pertsonen salerosketa leporatuta. Ainhoa Vitoriak kontatu digu, "B Aldea"n.
-
Sean 'Diddy' Combs
20:37 min
Sean 'Diddy' Combs, Puff Daddy bezala ezaguna, musikariaren atxiloketa izan du hizpide Ainhoa Vitoriak, "B Aldea"n. Irailean atxilotu zuten artista, krimen antolatua, sexu esplotaziorako trafikoa eta pertsonen salerosketa leporatuta.
Bad Boy Records diskoetxearen jabea da Diddy, eta musikaren industriako enpresari garrantzitsuenetako bat da 90ko hamarkadatik.
Urteetan zehar Diddy erasoen inguruko hamaika zurrumurru izan diren arren, Cassie Ventura emazte ohiak jarri du lehen salaketa. Diddyk berak drogatu eta bortxatzen zuela salatu du, baita eraso fisikoak eta Diddyk antolatutako beste gizon batzuen bortxaketak ere.
Cassie Ventura Diddyren zigiluko artista zen, eta atxilotuak baino 18 urte gutxiago ditu. Salaketan, Jay-Z aipatu du emazte ohiak, gertatzen ari zen guztiaren testigu gisa. Honek rap musikariaren zaleak eta Beyoncerenak (Jay-Zren emaztea) asaldatu ditu; bien artean, zortzi milioi jarraitzailetik gora galdu dituzte sare sozialetan.
Venturaren denuntziaren ostetik etorri dira beste guztiak. 12 hasieran, eta beste 120 gero (tartean 25 adin txikiko). Azken orduetan, zifrek goia jo dute: 3000 pertsona Diddyren kontrako salaketa jartzeko moduan omen daude.
Aipatutako erasoetako asko Diddyren festa ezagunetan gertatzen ziren. Bertatik igaro izan dira AEBtako magnate, politikari eta artista entzutetsuenak.
Atxilotuaren etxeetan aurkitutako zintek frogatu dutenez, Diddyk eraso guztiak grabatzen zituen, eta dark webean saldu edo biktimak (gonbidatuak, langileak…) mehatxatzeko erabiltzen zituen.
Hiru izen ezagun aipatu dituzte estatubatuar hedabideek: Justin Bieber, Usher eta Ashton Kutcher. Lehenengo biek oso harreman estua izan zuten Diddyrekin, nerabeak zirenetik. Kasua jarraitzen ari direnek atxilotuaren biktima gisa sailkatu dituzte, protagonistek deklarazio publikorik egin ez duten arren.
Kutcherren kasuan, Diddyren lagun mina dela jakin dugu, eta erasoen lekuko gisa kokatu dute askok.
Diddyk, bere aldetik, dena ukatu du; eta urriaren 9an igaroko da epailearen aurretik.