Dida!

Dida!

Dida!

SAIO BEREZIA

San Ferminetako 'Dida Fresh' saio berezia zuzenean Iruñetik, uztailaren 6an

IDOIA ARANBARRI | EITB.EUS

09:30etatik 12:30etara San Fermin giroan murgilduko da 'Dida Fresh'. Vendetta taldea izango da gonbidatuetako bat. Saio osoa zuzenean jarraitzeko aukera izango duzu streaming bidez.

San Ferminei zuzenean emango die hasiera ‘Dida Fresh’ek uztailaren 6an. Horregatik, saio berezi bat prestatu dute txupinazoa zuzenean emateko Iruñetik. Gonbidatu ezberdinak igaroko dira zuzenean mikrofonoetatik. Saio guztia irratian eta streaming bidez jarrai dezakezu.

Goizeko 09:30etan hasiko da irratsaioa eta betiko sumarioaren ostean, Mikele Grande elkarrizketatuko dute. Nafarroako Gazteen Saria jaso zuen 18 urteko gazte transexuala sanferminei, gazteei, sexu aukerei eta lagunei buruz hitz egingo du.

10:00ak aldera Ana Diez de Ure Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikaria elkarrizketatuko dute Julen Telleria eta gainontzekoek. Jon Gotzonen “How summer edition” atalean festan ondo mugitzeko aholkuak emango ditu.

10:40 aldera gonbidatu 'top' bat izango dugu gurekin: Vendetta. Taldekideekin kontu kontari ibiltzeaz gain, akustiko bat abestuko dute zuzenean. Maddalen Arzallus ere izango da gurean eta San Ferminetaz aparte, momentuko gaia ekarriko du bere abestiekin: Errusiako Munduko Kopa.

Eta nola ez! 12:00etan zuzenean San Ferminei hasiera emango dien txupinazoa entzun dezakezu zuzenean Gaztean. Maddalen Arzallusekin agurtuko dugu saioa. Zein kanta abestuko du oraingoan?

Hau guztiaz aparte, goiz osoan zehar Andrea Aranburu Iruñeko kaleetan zehar ibiliko da San Ferminetako lehen egunera hurbildu diren pertsonen testigantzak jasotzen.

Ezin dezakezu galdu saio berezi hau! ‘Dida Fresh’ zuzenean Iruñetik 09:30etatik 12:30etara irratian eta  webgunean, uztailaren 6an.